Kalapie Hiriko Txirrindularien Elkarteak deitu du protestara. Bulebarrean elkartuko dira bihar, 12:00etan.
Hiri barruan ibiltzeko, kaskoaren erabilera derrigortu nahi du Espainiako Gobernuak: neurri horren aurka protesta egingo dute bihar Donostian. Kalapiek bizikleta martxa bat antolatu du. Eguerdian, 12:00etan, Bulebarretik irtengo dira, eta Benta Berrira joango dira, Trafikoko bulegoraino.
Hainbat elkarte eta udaletxe agertu dira eurri honen aurka: Donostiako Udala, Kalapie eta Eguzki, besteak beste. Espainiako Gobernuak Zirkulazio Araudi Orokor berria argitaratuko du. Oraingoz mahai gainean jarritako testua zirriborro bat da. Aldaketarik ez bada, espero dute udaberrian indarrean jarriko dela.
Berria egunkariak erreportaje bat argitaratu zuen araudi honen 179. artikuluak piztutako ika mikaz: «Txirrindulariak behartuta daude euren babeserako indarrean dagoen legeriaren arabera homologatutako edo zertifikatutako kaskoa erabiltzera. Lehiaketetan parte hartzen duten txirrindulariek edo entrenatzen edo lehiatzen ari diren txirrindulariek euren legeei jarraituko diete». Egun, derrigorrezkoa da txirrindulariek hiriarteko bideetan kaskoa janztea, Hego Euskal Herrian; eta Espainiako araudi berriak aurrera jarraitzen badu, hemendik aurrera, hiri barruan ere derrigorrezkoa izango da kaskoa erabiltzea.
Elkarteak eta udalak ez daude kaskoa erabiltzearen kontra, erabilera derrigortzearen aurka baizik. Segurtasun neurri gisa, eraginkorra den edo ez, zalantzak sortzen baititu. Txirrindulari elkarteak bat datoz: hiri barruan mugitzeko kaskoa derrigortzeak erabiltzaile kopurua jaistea dakar, txirrindulariek istripua izateko arriskuak gora egitearekin bat. Nazioartean egindako ikerketek erakusten dutenez, txirrindularien presentzia handiagoak auto gidariak tentu handiagoz ibiltzera behartzen ditu, eta, ondorioz, istripu gutxiago izaten dituzte txirrindulariek. Kalapie elkarteko Higinio Otazuren ustez, bi dira txirrindularien segurtasuna bermatzeko oinarrizko neurriak: «Txirrindulari asko egotea, eta hiri barruko kaleetan abiadura mugak txikitzea —kale guztietan 20 eta 30 km/h izan behar luke, hiriko sarrera eta irteeretan salbu—».
Zirkulazioan parte hartzen duten osagai guztiak harmonizatzea beharrezkotzat jotzen du Rodriguezek: «Ibilgailu motoredunen, motorerik gabekoen eta oinezkoen artean sistema orekatua lortu behar da, zirkulazioa baketuz. Ibilgailuen zirkulazioa mantsotu beharko da zenbait kaletan».
Bizikletentzako bereziki sortutako bideak edo bidegorriak ohikoak dira dagoeneko, baina ez daude leku guztietan, eta askotan, elkarren arteko loturarik gabe eraikitzen dituzte. Eurentzako biderik egon ezean, txirrindulariek galtzadara jaitsi behar lukete, eta hala egiten dute, nahiz eta askotan, autoen bidera jaisten ausartzen ez direnak oinezkoen bideetan ibiltzen diren. Salbuespenak salbuespen, hiri barruko galtzadak, oro har, 50 km/h-ko abiadura muga izaten dute; abileziarik ez dutenek ez dute segurtasun eta konfiantza nahikorik izaten bide horietan ibiltzeko. Autoen abiadura mantsotzea da Rodriguezentzat gakoetako bat, eta, alde horretatik, Gasteiz eta Donostia ditu eredutzat, 30 km/h-ko muga duten bideengatik.