'Plethora' diskoa kaleratu du Mantisak
Talde zarauztarrak ekainaren 8an kontzertua eskainiko dute Dokan; bertako kidea da Iñaki Castro bateria-jotzaile donostiarra.
Mantisa musika taldeak bere bigarren diskoa aurkeztu du gaur goizean, Plethora. Talde zarauztarra da izatez, baina bertako kidea da Iñaki Castro bateria-jotzaile donostiarra. Lehenengo diskoa Gor disketxearekin kaleratu bazuten ere, oraingoan autoekoizpena egin dute. “Diskoen salmentan beheruntz doa eta disketxeen lana aldatzen ari da. Guretzako behintzat orain disketxe batek eskaintzen ziguna ez zen egokiena”, azaldu du agerraldian Iosu Gonzalez abeslariak. Diskoaz gain, lehen bideoklipa ere osatu du taldeak Hondarra abestiarekin.
Honakoek osatzen dute Mantisa: Iosu Gonzalez (ahotsa eta gitarra), Ganix Illarramendi (gitarra), Iñigo Azkue (baxua), Iñaki Castro (bateria) eta Xabier Arruti (teklatua). Hain zuzen ere, aurreko diskotik hona, Xabier Arruti da berrikuntza, bera baita taldekide berria. Horretaz gain, musika estiloa ere aldatu dutela adierazi dute. “Eboluzio naturala izan da, indartu gabea, eta oso gustura gaude. Benetan nahi genuen bidea topatu dugu hainbat urteren ostean”, aipatu du Gonzalez abeslariak. Zehazki, 2004an sortu zen Mantisa, eta hardcore, rock eta punk-rockean murgildu zen. Bigarren diskoko abestiak osatzeko, urte eta erdiko lana hartu dute. Azken batean, abestietan euren bizipenen berri ematen dutela azaldu du Gonzalezek.
Zuzenekoak emateko prest dago taldea, eta larunbat honetan bertan hasiko dira, Lazkaoko jaietan. Ondoren, Zarautz (maiatzak 10), Iruñea (maiatzak 17) eta Gasteiz (maiatzak 28) izango dituzte eszenatokiak. Donostiara ekainaren 8an iritsiko dira, eta Dokan eskainiko dute kontzertua.