Reyes Karrere: "Hemen baldin bagaude talde ausarta izan garelako da"
Reyes Karrere Bera Bera Eskubaloiko entrenatzaileak prentsaren aurrean hitz egin du gaur. Taldea “oso une gozoan” dagoela onartu du, baina aldi berean, onena falta dela adierazi du.
Cleba Leon jasoko du Bera Berak larunbatean, 19:00etan, Bidebietan. Partida horri begira, Karrerek “oso ongi” ikusten du taldea. Gainera, pozik dago, emaitza onak lagun, lesionaturik zeuden jokalariak sendatzen ari direlako, eta ABF Liga irabazteko moduan daudelako. “Jokalari guztiak prest izango ditugula espero dut”, adierazi du larunbateko partidari begira. Batetik, Eider Rubiok taldearekin egin du gaur entrenamendu saioa, bizkarreko mina guztiz joan ez bazaio ere. Libe Altunak, berriz, atsedena hartu du, belaunean gainkarga duelako.
Aurrera begira, entrenatzaileak uste du taldeak berdin jokatzen jarraitu behar duela. “Ezinbestekoa da, batez ere, talde ausarta izatea, hemen baldin bagaude talde ausarta izan garelako da, kontraerasoetara beldur gabe atera dena, beti bezala arriskuak hartuz”, aipatu du Karrerek. Cleva Leonen aurkako partidaz gain, beste hiru norgehiagoka falta zaizkio Bera Berari Liga bukatzeko; Zuazo, Rocasa eta Castro.
Momentu honetan, honela dago ABF Ligako sailkapenaren goikaldea:
- Bera Bera Eskubaloia: 39
- Elche-Mustang: 38
- Rocasa Gran Canaria: 36
- Helvetia Alcobendas: 32