Aske Gunea ez ezik, kaleak ere hartu dituzte epaiketa politikoak salatzeko
Herritarrek Bulebarra hartu dute azken egunetan, Aske Gunea izenekoa bertan egokitu baitute gaur goizean atxilotutako gazteei babesa emateko. Bada, arratsaldean, Bulebarretik irten eta kaleak hartu dituzte milaka manifestarik. Atxilotuei elkartasuna adierazteaz gain, epaiketa politikoen kontra egin dute protesta.
Bulebarrera bueltatu direnean, manifestazioari amaiera emateko ekitaldian, Mikel Arretxe zigortutako gaztearen hitzak entzun ahal izan dituzte bertaratutakoek, telefonoz hots egin baitu kartzelatik. Eskerrak eman dizkie herritarrei. Aske Guneak bizirik jarraitzen duela adierazi dute amaiera ekitaldian. “Hemen ez da ezer amaitu; urrats handia eman dugu datozen epaiketak gelditzeko”, nabarmendu dute.