Atxilotutako gazteak sakabanatu dituzte dagoeneko, zein espetxetara eraman dituzten esan gabe
Gaur goizean atxilotu eta gero, zigortutako sei gazteak Martuteneko espetxera eraman dituzte, baina hantxe bi orduz bakarrik egon dira kartzelaratuak. Hain zuzen ere, Aske Gunea ekimenak jakinarazitakoaren arabera, zein espetxetara eraman dituzten esan gabe, gazte donostiarrak sakabanatzea erabaki dute dagoeneko.
Zigortutako zortzi gazteetatik sei atxilotu ditu Ertzaintzak goizean: Oier Lorente, Mikel Arretxe, Aitor Olaizola, Egoi Alberdi, Adur Otaegi eta Ekaitz Ezkerra. Sei hauek Aske Gunean Ertzaintzaren zain gaua ematea erabaki zuten, eta bertatik eraman ditu poliziak goizean goiz, Bulebarrera iritsi eta bi ordu geroago, herri harresia osatzen zuten lagunak banan banan eta arrastaka, kasu batzuetan, eraman eta gero.