Zigortutako sei gazte ez ezik, bi herritar ere atxilotu ditu Ertzaintzak
Zigortutako zortzi gazteetatik sei atxilotu ditu Ertzaintzak: Oier Lorente, Mikel Arretxe, Aitor Olaizola, Egoi Alberdi, Adur Otaegi eta Ekaitz Ezkerra. Sei hauek Aske Gunean Ertzaintzaren zain egotea erabaki zuten, eta bertatik eraman ditu poliziak, Bulebarrera iritsi eta bi ordu geroago, herri harresia osatzen zuten lagunak banan banan arrastaka eraman eta gero. Zigortutako sei gazteak ez ezik, Aske Gunean ziren bi herritar ere atxilotu ditu; Europa Press eta Efe informazio agentziek Barne saila aipatuta esan dutenaren arabera, “autoritatearen aurkako atentatua” egiteagatik.
Ertzaintzak lurrez eta airez egin du operazioa, helikopteroa eta guzti. 40 bat furgonetekin iritsi da Bulebarrera.