Liburuaren Nazioarteko Eguna dela nabari da Gipuzkoa Plazan
Liburuaren Nazioarteko Eguna da gaur. Ospakizunarekin bat eginez, liburu azoka antolatu dute aurten ere Donostia Kulturak eta Gipuzkoako Liburudenden Elkarteak. Gipuzkoa plazan herritarrak aurrera eta atzera dabiltza, izan ere, Aldundiaren eraikinaren aurrean hainbat postu jarri dituzte liburu saltzaileek. Haur eta gazte literatura, eleberriak, historia liburuak, sukaldaritzakoak, hiztegiak… denetik topa daiteke. Jende askok hartu ditu liburuak esku artean, erosi, aldiz, gutxiagok. Azoka 9:30ean ireki dute, eta 21:00etan itxiko dute.
Hainbat ekimen deitu dituzte egun bereziaren harira, eta Donostia Kulturak jarritako txokoan, esaterako, haurrentzako jarduerak egiten ari dira. Helduentzako jarduerak ere izango dira arratsaldean; 17:00etan, adibidez, 1813ko gertakarien inguruko mahai-ingurua egingo dute.