Auzoko ekimenaren lehen saioa. (Argazkia: Zuriñe Gonzalez Agirre)
Asteazken arratsaldeetarako egin dute hitzordua Intxaurrondoko Ipar Haizea elkartean. Bagera elkarteak
Auzoko ekimena jarri du abian, eta euskaraz ikasi nahi duen edonork bertan izango du aukera. Euskaraz ikasteko gainera, auzotar euskaldunak izango dituzte lagun.
Joan den asteazkenean hasi ziren ekimenarekin, eta gaurkoa bigarren saioa izango da. Gogotsu hasi dira, izan ere, lehen saioan 20 bat lagun bildu ziren mahaiaren ingurura. Horietatik 12 auzokideak ziren; horrela deitzen zaie euskara ikastera hurbiltzen direnei. Gainerakoak, berriz, auzotarrak; hitzak berak dioen moduan, Intxaurrondo edo inguruetako auzoetan bizi diren donostiarrak dira, euskara ez dakiten bizilagunei laguntzeko borondatea dutenak.
Astean behin egingo dituzte bilkurak, asteazkenetan, arratsaldeko 18:00etatik 17:30era. Izan ere, hizkuntza edozein dela ere, erabilita ikasten da azkarren eta hobekien. Horretarako, jolasak erabiltzen dira Auzoko ekimenean. Argazkian ikus daitekeen jolas horretan, adibidez, puxikan norbere izena jarri eta horrela, ‘
kaixo, zer moduz, ongi, gaizki, ni Maite naiz, zu Aitor zara, Marokokoa naiz eta Altzan bizi naiz’, bezalako esaera xumeak ikasten dituzte. Auzoko ekimenaren bidez euskarazko lehen hitzak esaten ikasten dute, eta ez liburuen bidez, beste auzotar batzuekin harremanetan baizik. Horrela, hizkuntzarekin ez ezik, gainerako auzokideekin ere harremana sendotzea lortzen da. Poliki-poliki, oinarrizko esamoldeekin hasten dira, baina nahikoa da lehen hitza euskaraz egin ahal izateko.