Blogari deserosoak
http://youtu.be/hIRlvQ0ItSg
‘Forbidden Voices’ dokumentala aurkeztuko dute gaur Giza Eskubideen Zinemaldian.
Yoani Sanchez blogari kubatarra emanaldian izango da; bera da filmeko protagonistetako bat.
Farnaz Seifi iraniarra da. Zeng Jinyan txinatarra da. Yoani Sanchez kubatarra da. Hirurak emakumeak dira, eta hirurak blogariak dira. Euren egunerokoan ikusten dituzten urraketak eta injustiziak dituzte hizpide euren blogetan. Blogari deserosoak dira euren herrialdean.
Barbara Miller suitzarrak zuzendu du Forbidden Voices (Debekatutako ahotsak) dokumentala. Duela sei urte ekin zion proiektu honi. Blogarien inguruan irakurtzen hasi zen, eta harrituta geratu zen fenomeno horrekin: “Jende arruntak hitz egiteko aukera izatea izugarria iruditu zitzaidan. Munduak haien ahotsa entzun zezakeen”.
Zergatik aukeratu ditu hiru emakume? Bere ustez, gizartean eta politikan emakumeen papera oso txikia da. Eta blogari izateak egile izateko eta gizonekin ere elkarrizketak izateko aukera ematen die: “Ez dut soilik emakumeen eskubideak defendatzeagatik egin; asko gustatzen zait nola idazten duten hiru protagonistek, nola azaltzen duten euren egunerokoa. Ez dute slogan politikorik erabiltzen. Historia pertsonalak idazten dituzte, eta sufritzen duten zentsura salatzen dute”.
Dokumentalak hiru emakumeek euren iritzia plazaratzeko izan dituzten zailtasunak azaltzen ditu. Yoani Sanchez Habanan bizi da. Hainbat sari eskuratu ditu bere blogean egindako lanagatik. Adierazpen askatasun eza salatzeagatik eta gobernuaren politika kritikatzeagatik bera isilarazteko ahalegin guztiak egin dituztela salatzen du dokumentalean. Bere blogak milaka irakurle ditu, eta dokumentalean bertan adierazten du horrek edozein arriskuren aurrean babesa ematen diola.
Farnaz Seifi iraniarra Alemanian bizi da egun, erbesteratuta. Bere.herrialdeko lehen blogarietako bat izan zen, aitzindaria. Emakumearen diskriminazioa gogor salatzen du bere blogean. Iranek bere bloga zentsuratu eta atxilotu egin zuen. Erbestean jarraitzen du bere borrokarekin. Miller zuzendariak azaldu du ezin duela bere jaioterrira itzuli, bestela preso hartuko zutelako. Blog anonimo batean idazten du, bere familia Iranen bizi delako, eta mehatxuen beldur delako.
Zeng Jinyan bere etxean preso izan zen lau urtez. Gobernuak giza eskubideen aurka egindako gehiegikeriak salatzen ditu bere blogean. Bere senarra ere ia lau urtez egon da preso, espetxean.
Barbara Millerrek Mugarik Gabeko Kazetariak elkartearekin elkarlanean egin du dokumentala. Haien bidez jarri zen harremanetan hiru blogariekin, eta haiei eskatu zien laguntza herrialde bakoitzean filmatzeko orduan kontuan izan beharrekoak jakiteko.
Filma gaur emango dute Giza Eskubideen Zinemaldian. Blogarietako bat, Yoani Sanchez, bertan izango da ikusleekin. Hain zuzen, Kubatik irteteko dituen zailtasunak salatzen ditu dokumentalean: “Irla hau kartzela handi bat da niretzat. Ez didate irteten uzten, nire blogean idazten dudanagatik”. Kuban, urte hasieran, kanpora bidaiatu ahal izatea baimendu zuen; eta baimen hori baliatuta, hainbat herrialdetan bere blogaren berri ematen ari da.