Donostiako ordezkaritza, hautagaitza lortu izana ospatzen.
Auzitegi Gorenak tramitera onartu du Kordobaren helegitea.
Europako adituen epaimahaiaren irizpideak kontuan izanik, Espainiako Kultura Ministerioak 2016ko Europako kultur hiriburu izendatu zuen Donostia. 2011ko ekainean hartu zuen erabakia. Kordoba, Donostia bezala, hiriburutza lortzeko hautagaietako bat zen. Kordobako Udalak helegitea jarri zion erabakiari, ustezko irregulartasunak aipatuz. Batetik, erabakiari “izaera politikoa” egozten diote. Bestetik, epaimahaiko kide batek Donostiarekin zuen lan harremanean oinarritzen dute helegitea. Beste hainbat “prozedura akatsetan” ere oinarritzen dute helegitea.
Orain, Espainiako Auzitegi Gorenak tramitera onartu du helegite hori. Gorenaren arabera, Espainiako Justiziak ahalmena dauka auzia aztertzeko, eta, azkenik, Madrilgo Auzitegi Nagusiak aztertuko du izendapenean irregulartasunik izan zen edo ez. Donostiako Udalak helegitea atzera botatzeko eskatu zuen, Espainiako Justizia auzo horretan erabakirik hartzeko gai ez zela argudiatuta.
Gorenera iritsi baino lehen, Espainiako Kultura Ministerioak ikerketa bat egin zuen, eta ebatzi zuen ez zela inolako irregulartasunik izan Donostia 2016ko kultur hiriburu izendatzeko erabakian. Kordobako Udalak helegitea jarri zuen Auzitegi Nazionalean, eta horrek bere burua “ezgai” izendatu ondoren, auzia Gorenera iritsi zen.
Juan Karlos Izagirre Donostiako alkateak “lasaitasun mezu bat” bidali nahi izan die donostiarrei: “Gure zerbitzu juridikoek adierazi digute prentsan argitaratutakoarem aurrean ez dagoela kezkatzeko arrazoirik”. Donostiako Udalak ez du jakinarazpen ofizialik jaso.
Alkateak adierazi du Donostia 2016 bulegoaren zuzendaritzarekin jarri dela harremanetan, eta baita Fundazioa osatzen duten erakundeetako ordezkariekin ere: “Helarazi diedana izan da lanean normaltasun osoz jarraituko dugula, proiektua bizi-bizirik dagoelako”. Oposizioko alderdiei presazko bilera baterako deia egin die.