(Argazkiak: E. Zabala)
Giza komunikazioaren historia aztertu eta azaltzen du
Bazen behin… Mintzamena erakusketak. Komunikazioak gizakiaren eboluzioan izandako eragina ahalik eta era adierazgarrienean eta interaktiboenean jaso dute. La Caixaren gizarte ekintzak antolatu du erakusketa, Donostiako Udalaren laguntzarekin, eta bihar bertan zabalduko dute. Komunikabideentzako aurkezpena egin dute gaur eguerdian, eta erakusketan bertan azalpenak eman dituzte Naiara Sampedro zinegotziak, eta La Caixako Itziar Egañak eta Luis Reverterrek. Sampedrok eskerrak eman dizkio La Caixari egindako lanagatik, eta bereziki ikastetxeei erakusketa bisitatzera joateko deia egin die. “Asko dugu ikusteko eta ikasteko”, aipatu du Sampedrok. Grosen dago erakusketa, Saguesen jarritako karpa handi batean.
Esan bezala, gizakien arteko komunikazioa da erakusketaren oinarria, baina horretarako, lehen gizakiaren garairaino atzera egingo du bisitariak, komunikazioa existitzen ez zen arora. Hala, hiru zati handik bereizten dute erakusketa, Komunikazioa, Mintzamena eta Hizkuntza.
Komunikazioa izatez, izaki bizidun guztien artean erabiltzen da, baina gizakia da horretarako mintzamena erabil dezakeen bakarra. “Baleek eta orkek, esaterako, urazpian soinu bereizgarriak erabiltzen dituzte euren artean komunikatzeko, eta erakusketan entzuteko aukera dago”, aipatu du Luis Reverterrek. Hitz egiten asmatu zuenean, gizakiak, besteak beste bere larinjea egokitu behar izan zuen, beraz, hasierako soinuek ez zuen egungoekin zer ikusirik. Gizaki neardentalak nola hitz egiten zuen entzun daiteke erakusketan, besteak beste. Duela 130.000 urte sortu zen Homo Sapiens gizakia Afrikan, eta pixkanaka munduan zehar zabaltzen joan zen. “Distantziaren ondorioz, hizkuntza desberdinak sortu ziren, kultur aberastasun handia lortuz”, jarraitu du Reverterrek.
Naiara Sanpedro Berdintasun, Migrazio eta Gazteria zinegotzia; Itziar Egaña Donostialdeako La Caixaren kidea; eta Luis Reverter La Caixa Fundazioko idazkari nagusia (Argazkia: E. Zabala)
Milaka eta milaka urte behar izan ditu gizakiak komunikatzen ikasteko, bai ahoz eta bai idatziz ere, eta eboluzio hori ongi jasotzen du erakusketak. Azken 30 urteetan, ordea, berehalakotasunak indarra hartu du inondik inora, teknologien etengabeko berrikuntzen ondorioz. “Azken 30 urteetan komunikazio sistema osoa aldatu dugu. Gizakia hitz egiten hasi zenetik gertatutako aldaketarik handiena berehalakotasuna izan da. Sare sozialetan, ordea, hizkuntza beraren alde egiten dugu lehenago ulertzeko, eta horrek kulturen aurka egiten du”, azaldu du Luis Reverterrek. Hala, azken batean, hizkuntzen eta kulturen aberastasuna babestu eta defendatu nahi du erakusketak. Erakusketaren bukaerako panel batean bertan ere irakur daiteke hizkuntz aniztasunaren aldeko aldarrikapen mezua.
Pantaila hukigarriak, soinuak, panelak, gizakien erreprodukzioak… erakusketa zabala eta aldi berean harina osatu dute Saguesen. Egunero egongo da zabalik, ekainaren 12a arte. Astelehenetik ostiralera 12:30etik 14:00etara eta 17:00etatik 21:00etara; larunbat, igande eta jaiegunetan, 11:00etatik 14:00etara eta 17:00etatik 21:00etara.