Helburua: Bizikletaren Etxea bihurtzea
Kalapie Hiriko Txirrindularien Elkarteak egoitza berria inauguratuko du ostegunean. Grosen izango du bulegoa, Iparragirre kaleko 8. zenbakian. Aurrerantzean, Euskadiko GGKEen Koordinakundearekin partekatuko du lokala. Egoitza hiriaren erdigunean izanik, txirrindulariengandik hurbilago egotea, eta bizikletaren erabilpena sustatzeko ekimen gehiago egitea espero dute. Inaugurazio ekitaldia 19:30ean izango da, eta txirrindulari guztiak gonbidatu dituzte bertara. Elkarteak adierazi du, beraien helburua egoitza berria Bizikletaren Etxea bihurtzea dela, eta txirrindulari guztiei bertara joateko aukera ematea.
Inaugurazio-ospakizunarekin batera bi erakusketa zabalduko dituzte: Egia oinez eta bizikletaz, eta Urumearen ertzetik ibili eta ibaia berreskuratu; biak ala biak, Kalapieko bi bazkideren lanak dira. Gainera, Kalapiek Donostiako txirrindularitzari buruz ekoiztu duen bideo bat ikusteko aukera izango dute inaugurazio ekitaldira joaten direnek.