Arte Ederrak antzokia. (Argazkia: N. Lizarralde)
Arte Ederrak antzokia ez eraisteko eskatu du Ancora elkarteak.
Eraikitako Hiri Ondarearen Plana berraztertzeko eskatu dio udalari
Hamahiru urteren ondoren, Arte Ederrak antzokia ez eraisteko eskatzen duten ahotsak itzuli dira. Arte Ederrak eraikina zutik mantentzeko lehen ekimena apirilean hasi zen. Sinadurak biltzen ari dira sarean,
Change.org plataforman. Ia 9.000 sinadura lortu dituzte jada. Eta gaur, Ancora elkarteak prentsa deialdi bat egin du haien eskaera publiko egiteko. Hain zuzen, 2000. urtean protesta egiteko erabili zuten kartel bera berreskuratu dute. Montserrat Fornells, Alberto Fernandez D’Arlas, Juan Ignacio Garcia Velilla eta Jose Maria Unsain eta Juan Manuel Encio Cortazar izan dira prentsaurrekoan. Azken hau, Ramon Cortazar arkitektoaren iloba da; eraikinaren sortzailearena.
Ordutik hona ezer ez dela aldatu diote, egoera berdina dela: “Udalak urte hartan ere erabakia hartua zuen Arte Ederrak Antzokia eraisteko. Halere, uste genuen udalean gai honekin sentsibilizatuta zeudela. Urte haietan ez zuten alderdi guztiek babesten eraikina botatzea. Une honetan, ordea, bai”.
Garai hartan ere, orain bezala, ehunka sinadura lortu zituzten: “Historialariak, idazleak, arkitektoak, unibertsitate irakasleak… Hainbat pertsona ezagunek sinatu zuten manifestu hura”, ekarri du gogora Unsainek. Ramon Saizarbitoria, Jorge Aranguren, Jorge Oteiza, Andres Nagel, Jose Antonio Sistiaga, Telletxea Idigoras eta Anjel Lertxundik sinatu zuten Arte Ederrak antzokia eraistearen aurkako manifestu hura. Orduan ez zegoen sare sozialik, eta halere, eraikina botatzearen aurkako mugimendua sendoa izan zela azaldu dute.
Mikel Alonso, Juan Ignacio Garcia Velilla, Juan Manuel Encio Cortazar, Montserrat Fornells, Jose Maria Unsain eta Alberto Fernandez D’Arlas. (Argazkia: Nagore Koch)
Ancorak argi adierazi du eraistearen aurka dagoela, eta elkarteak hiri ondarea babesteko lan egingo duela. Arte Ederrak antzokia ez dela kasu bakarra gogoratu dute, eta azken hamarkadetan hiri ondareak hainbat eraso sufritu dituela azaldu dute: San Martin azoka, La Perla, Egiako parkea, Gas fabrika, Tabakalera, Deustuko kanpusa, Viktoria Eugenia Antzokia, Londres hotela… eta baita zabalguneko hainbat eraikin ere. Mota honetako erabakiek hiriaren benekotasuna “arriskuan” jartzen dutela, eta eraikinen nortasuna galarazten dutela salatu dute. Eraikitako Hiri Ondarearen Plana (EHOP) berraztertzeko eskatu diote udalari.
Hiri ondarea, hiriaren nortasunaren isla
Hiriaren memoria eta nortasuna defendatzeko ekimena dela plazaratu dute, eta Arte Ederrak antzokia ez botatzeko argudioak defendatu dituzte: “Ez dugu nostalgiagatik egiten, ez dugu Belle Epoquea faltan botatzen dugulako egiten. Eta ez gara atzerakoiak. Ondare arkitektonikoa hiri baten memoria eta nortasunaren isla dela uste dugu. Ondare hori babesten baduzu, hiri hori erakarriagoa bihurtzen da, eta beraz, ondarea babesteak eragin zuzena dauka hiriaren ekonomian. Gu ez gaude eraikin garaikideen aurka, baina eraikin garaikideak hiriaren ondarea galdu gabe egin behar direla uste dugu”.
Pieza honen singulartasuna izugarria dela azpimarratu dute. Jada, kupulan egindako berriztatze baten ondorioz, eraikinak berezkoa zuen estiloa galdu zuela azaldu dute. Modu egokian berriztatuz gero, berriz ere hiriko arkitektura eklektikoaren eraikin garrantzitsuenetako bat izango dela uste dute.
Sade enpresak eraikina bota eta hotel bat egiteko duen planaren aurrean argi azaldu dute haien jarrera: “Hiriaren garapena ezin da hiriaren ondarearen suntsitzean oinarritu. Gu ez gaude Saderen aurka. Hotela bertan ez egitea eskatzen dugu. Udalak beste lokal bat eman beharko lioke trukean. Udalak nahi badu eraikina salba dezake”. Udaleko ordezkariekin hitz egiteko bilerak eskatu dituzte jada; eta Eusko Jaurlaritza eta Gipuzkoako Aldundiari ere laguntza eskatu diote ondare arkitektonikoa babesteko.
Eraikinak zuen babesa murriztu dute
Ancora elkarteak pixkanaka Arte Ederrak antzokiak zuen babesa murriztu egin dutela salatu du. 1977an Hiriko gune romantikoaren plan bereziaren barruan zegoen erakina. Ordezkaezintzat jo zuten orduan, eta hura babestu eta gordetzeko betebeharra zuen udalak. “Orain berriz ere arriskuan dago eraikina; azkar lan egin behar dugu hura babesteko. Ekainean jada hasi nahi ditu Sadek eraikina botatzeko lanak”.
Arte Ederrak antzokiaren irudi zahar bat.
1914an inauguratu zuten eraikina; Ramon Kortazar arkitektoak altxatu zuen. Zinema areto gisa jaio zen. Garai hartako zinema areto oso gutxi geratzen dira Europan. Zine mutuaren garaian sortu zen, hain zuzen. 70 urteko ibilbidean hainbat ikuskizun hartu zituen. Zinema aretoa, Donostiako Orfeoiaren egoitza nagusia, Euskadiko Orkestra Sinfonikoaren entsegu tokia… Jarduera askotarako erabili izan da Donostiako Arte Ederrak antzokia.
Udaleko kideen iritziz, eraikinak balio arkitektonikoa baino gehiago, balio sinbolikoa du
Orain, mendeurrena betetzear denean, kolokan da haren etorkizuna. Hotel bat eraiki nahi du jabeak, Sade enpresak. Apirilaren 5ean, Donostiako udal gobernuaren batzarrak hasierako onespena eman zion Eraikitako Hiri Ondarearen Planari (EHOP). Plan horretan daude finkatuta hiri ondarea babesteko irizpideak eta eraikin bakoitzari emango zaion babes maila. Sei babes maila finkatu dituzte, eta, bakoitzean, hiriko ondare diren eraikinetan eta bestelako elementuetan zer-nolako esku hartzeak egin daitezkeen zehazten da. Sadek lanekin hasteko baimena duela urte batzuk eskatu zuen arren, udal gobernua plana onartzeko zain egon da, eta behin betiko onespena eman zain egongo da baimena eman aurretik.
EHOP planean oinarrituta, Arte Ederrak antzokiari laugarren mailako babesa eman dio udal batzarrak, D mailakoa deritzona. Babes horren baldintzen arabera, eraikina behera botatzea posible da, baldin eta berria egungoaren ezaugarri estetiko nagusiak errespetatuz eraikitzen bada: kupula, etxaurrea eta abar. Udaleko kideen iritziz, eraikinak balio arkitektonikoa baino gehiago, balio sinbolikoa du, eta, horregatik, D mailako babesa ematea erabaki dute. Diotenez, eraikina behera bota arren, balio estetiko berberak emanez gero, hiriaren ondarea errespetatzea bermatzen da. Hirugarren edo C mailako babesarekin, ezinezkoa izango litzateke eraikina suntsitzea.
D mailako babesaz gain, arriskuan dauden nazioarteko antzokien behatokiko zerrenda barruan dago Arte Ederrak eraikina. Guztira, hamasei antzokik osatzen dute behatokiaren zerrenda.
Bi solairu gehiago
Hala ere, hotela egiteko proiektuarekin aurrera jarraitzea erabakiko balitz, hainbat aldaketa nabarmen egingo lirateke. Izan ere, egungo eraikinak leiho gutxi dituela eta argi gutxi sartzen dela argudiatuz, eraikin berriaren aurreko zein aldamenetako aldeetan leiho gehiago ateratzea da helburu nagusietako bat, Sadek ez baitu planteatzen leiho gutxi dituen hotel bat. Gainera, eraikin berriak sei solairu izango lituzke; egungoak baino bi gehiago. Horrela, kaleko gainontzeko eraikinen garaiera berdintsua edukita, auzoan harmonia handiagoa lortuko litzatekeela diote.
Lau izarrekoa izango da Arte Ederretako hotela: 90 logela inguru eta 52 autorentzako garajea. Aparkaleku hori robotizatua izango litzateke, kaletik sartu eta ateratzeko aldapa bat eraiki beharrik ez izateko.
Garai bateko zinema aretoa hotel bihurtzeko proiektuak aurrera egingo duela dirudien arren, oraindik gutxienez beste bi hilabete egon beharko du Sadek hotela eraikitzeko lanetan hasteko baimena eskuratu zain. Izan ere, udal gobernuaren batzarrak EHOP plana onartu zuen arren, oraindik 45 eguneko alegazio epeak igaro behar du. Eraikitako Hiri Ondarearen Plana jendaurrean egongo da epe horretan, eta herritarrek aukera izango dute alegazioak aurkezteko. Epe hori igarotakoan, udalak jasotako alegazioak aztertu beharko ditu, planean aldaketak egitea beharrezkoa den edo ez aztertzeko; eta, ondoren, udaleko osoko bilkuran aurkeztu beharko du. Han erabakiko dute planari behin betiko onespena emango dioten edo ez.
Udaleko osoko bilkuraren onespenaren zain
Eraikitako Hiriko Ondarearen Planak udaleko osoko bilkuran behin betiko onespena jasotzen badu, Sadek lanak hasiko ditu, eta hiriburuan eraikiko duen bigarren hotela izango da Arte Ederretakoa; zinema aretoa zena hotel bilakatzen duten bigarren eraikina, hain zuzen ere. Enpresak 20 milioi euro inguruko inbertsioa egin beharko du, eta 50 lagun kontratatu beharko ditu lanerako.