Iazko lasterketako irudia (Argazkia: Fortuna)
Fortuna Kirol Elkarteak Donostia-Hondarribia lasterketa antolatu du hirugarren urtez jarraian. Datorren igandean izango da lehia, apirilaren 28an, 9:30ean. Groseko Katalunia plazan izango du irteera lasterketak, eta Hondarribiako Harresilanda kalean bukatuko da. Guztira, 30’8 kilometro egin beharko dituzte partaideek, eta noski, berezitasun nagusia, Pasaiako badia zeharkatzeko txalupan sartu beharko dira guztiak ere.
Ikusmin handia sortzen du lasterketak, eta aurten, izen ematea ireki eta ordubetera 500 laguneko gehienezko partaidetza bete zen. Korrikalarien gehiengoa gipuzkoarra izango da, zehazki, %67, hala ere, Euskal Herriko beste txoko batzuetatik eta ondoko herrialdeetatik ere hurbilduko dira korrikalariak.