Gonzalo Txillidaren obraren atzera begirakoa egin dute Koldo Mitxelenan
Koldo Mitxelena Kulturuneak Gonzalo Txillidaren (Donostia, 1926-2008) hainbat artelan bildu ditu, Ganbara aretoan. Erakusketa gaur arratsaldean bertan irekiko dute, eta ekainaren 15a arte egongo da ikusgai. Atzera begirako gisa planteatu dute erakusketa, Txillida XX. mendearen bukaerako euskal artista garrantzitsuenen artean dagoela gogoraraziz. Duela bost urte hil zen Txillida, eta orain, Gonzalo eta Alicia seme-alabek erakusketako komisario lana egin dute. Horretarako, bere estudioan gordetako lanen artean aukeraketa egin dute. Beraz, lan gehienak lehen aldiz izango dira ikusgai, eta guztira, 100 obra inguru dira. Ibilbide kronologikoan jarri dituzte obrak, 1950. hamarkadan hasi eta artistaren azken urteetan bukatuz.
Margolan guztiak formatu txiki edo ertainekoak dira. Gainera, Txillidaren argazki-lanak ere ikus daitezke, baita arkitekturarekin elkarrizketan egituratutako proiektu batzuk ere. Behin erakusketa itxita ere, Txillidaren lanak ikusteko aukera izango da, izan ere, www.gonzalochillida.com webgunea abian jarriko dute, eta bertan, artistaren lana katalogatuko dute.
Asteartetik larunbatera bisita daiteke erakusketa, 16:00etatik 20:00etara. Sarrera doakoa da.