Euskadiko Orkestra Sinfonikoa, Musika Hamabostaldian. (Argazkia: Iñigo Ibañez)
Euskadiko Orkestra Sinfonikoak Hiriaren Urrezko Domina jasoko du, udal taldeek gaurko udalbatzarrean aho batez onartu eta gero. Hiriaren Urrezko Domina duela 84 urte sortu zuten, eta Donostiako sari preziatuena da. 23 eragilek eta pertsonek jaso dute orain arte; Aquariumek, Aita Barandiaranek, Realak eta Eduardo Chillidak, tartean. Bada, Euskadiko Orkestra Sinfonikoa sarituko dute aurten, Bilduk, PSE-EEk, PPk eta EAJk aurkeztutako proposamenari esker.
«Alkate bezala, ohore bat izango da Urrezko Domina ematea», adierazi du Juan Karlos Izagirrek. Orkestra «herri honen marka» dela esan du PSE-EEko bozeramaile Ernesto Gascok. PPko ordezkari Jose Luis Arruek, bere aldetik, nabarmendu du saria, orkestrako presidenteak ez ezik, bertako musikariek eta langileek merezi dutela. Azkenik, Miren Azkaratek gogora ekarri du orkestrak Berlinen izandako arrakasta, eta saria omenaldi ederra izango dela berretsi du.