Landare inbaditzaileak desagertarazteko auzolana bultzatzen ari da Eguzki
‘Buddleja davidii’ zuhaixka kentzeko laguntza eskatu die herritarrei. Larunbatean Ametzagaina parkean izango dira lanean.
Auzolanaren bidez, Eguzki talde ekologista landare inbaditzaileak desagertarazteko lanean ari da. Ulian egin zuten lehen saioa, eta larunbatean egingo dute bigarrena. Ametzagaina parkean izango dira lanean. Zehazki ‘Buddleja davidii’ zuhaixka kentzeko lanean ari dira. Donostia eta Gipuzkoako hainbat gune inbaditu dituen espeziea dela salatu du Eguzkik. Ingurumenaren eta ekologiaren alde egiteko, herritarrak kanpaina honetan parte hartzera deitu ditu. Otxoki pasealekuan elkartuko dira larunbatean, 10:30ean. Ametzagaina parkearen sarreran geratuko dira.
Txina ingurutik ekarritako zuhaixka da ‘Buddleja davidii’. 60ko hamarkadan agertu zen Euskal Herriko bazterretan. Beste espezie inbaditzaile asko bezala, dekorazioarekin pentsatuta ekarri zituzten. Pinpilinpauxei esker polinizatzen zaizkio loreak; izan ere, lurrin leuna daukate, eta harekin erakartzen ditu. Gehienbat hazien bidez ugaltzen da landarea, infloreszentziako 40.000 hazi izan litzake, eta haizearekin erruz hedatzen dira. Obretan, errepide bazterretan eta lur asko mugitutako beste toki batzuetan hazi ohi da. Horregatik, autoek eragindako haizearekin, asko zabaltzen dira landare horien haziak errepide alboetan baldin badaude; horregatik dira hain ohikoak inguru horietan. Izotzaren eraginez lurrazaleko zatia hiltzen bada ere, berriro ernetzen da landarea, baita moztuta ere, beharrezkoa da errotik ateratzea berau desagerrarazi nahi baldin bada.