Juan Karlos Izagirre (Argazkia: Nagore Koch).
Udalak gaur bertan jaso du Gipuzkoako Foru Aldunditik Atotxako autobus geltokia eraikitzeko beharrezkoa den Ingurumen Adierazpena, eta alkatea bihar joango da Madrilera, lanak hasteko baimena eskuratzeko. Izan ere, ADIFekin hitzarmena akordatu dute dagoeneko, eta horrek emango dio aukera udal gobernuari bihar bertan, Madrildik, baimena ekartzeko.
Honela gauzak, gaurko udalbatzarrean, Juan Karlos Izagirre alkateak aurreratu du lanak maiatzean hasiko direla. «Maiatzean hasiko dira obrak, esan genuen bezala; eta hiriak 2016an izango du autobus geltokia, esan genuen bezala», adierazi du. Lanen hasierarekin zenbait aldaketa egin beharko dituztela jakinarazi du; trafikoan, batipat. «Lanek eragingo dituzten kalteak ez dira txantxetakoak izango», aipatu du. Honen harira, hala ere, lasaitasun mezu bat luzatu die herritarrei, egin beharreko aldaketak aurreikusita daudelako jada eta Norteko tren geltokiko funtzionamenduan ez delako aldaketa nabarmenik gertatuko.