'El metodo Arrieta' filmak irabazi du Giza Eskubideen Zinemaldiko Ikusleen Saria
Jorge Gil Munarriz zuzendariaren El metodo Arrieta filmak Ikusleen Saria irabazi du Giza Eskubideen XI. Zinemaldian. Gaur gauean bukatuko da zinemaldia, eta 20:00etan sari banaketa egingo dute Viktoria Eugenia Antzokian. Goizean, ordea, film irabazleen zerrendaren berri eman dute arduradunek.
El Metodo Arrieta filmak komunikazio arazoak ditu oinarri. Lourdes eta Mentxu Arrieta ahizpak dira protagonistak, eta arazo handi bati aurre egin behar izan diote jaio zirenetik. Beraien gorputzek ez diete jendearekin komunikatzen utzi. Nola komunikatu daiteke pertsona bat eskurik eta ahotsik gabe? Oztopo hori nola gainditzen duten azaltzen du filmak. Gil legazpiarraren lehen film luzea da. Martuteneko Arantzazuko Ama ikastolako ikasle bat agertzen da dokumentalean, Julene Beldarrain, hark ere komunikatzeko arazoak baititu. Gainera, dokumentala Donostiako hainbat gunetan filmatuta dago; Amara Berrin, besteak beste. Bertan bizi baitira bi ahizpak. Garaileak 9,22 puntu eskuratu ditu, batez beste, beste hamalau film atzean utzita. Bigarren izan da, 8,83ko puntuaziorekin, Eneko Olasagastik eta Jone Karresek ondutako Irungo eta Hondarribiko alardeei buruzko dokumentala (Alardearen seme-alabak), eta hirugarrena, 8,28 punturekin, jaialdia ireki zuen lana: Goran Paskaljevic serbiarraren Kad svane dan fikzioa, nazien holokaustoak Belgraden eragindako tragediaz mintzo dena. Sari gehiagoren berri ere eman dute goizeko agerraldian. Barbara Milleren Forbidden Voices filmak, esaterako, Amnesty International erakundeak banatzen duen Film Onenari Saria irabazi du. Film honek ahotsa eta aurpegia jartzen die Txinako, Kubako eta Irango emakume banari. Hiruek euren blog eta sare sozialen bidez giza eskubideen inguruko errespetua eta askatasunaren aldarrikapena zabaldu dute. Gainera, aipamen berezia egin dio Amnesty Internacionalek Libre te quiero filmari, Madrilgo M15 mugimenduaren inguruko lanari. Gazte Epaimahaiaren Film Labur Onenari Saria, 3000 euroko ordainsaria lortuz, Emmanuelle Nicot zuzendariaren Rae filmarentzat izan da. Guztira, 132 gaztek osatu dute epaimahaia, eta euren ustez giza eskubideenganako sentsibilizazioa eta kalitatea batzen ditu filmak.