"Munduari erakutsi zion Txilek bazuela kultur identitatea"
http://youtu.be/na4T1Z9STO0
‘Violeta se fue a los cielos’ filmarekin bukatuko da gaur Giza Eskubideen Zinemaldia. Violeta Parra abeslari txiletarrari buruzkoa da.
Bere amari buruzko filmaren aholkulari artistiko moduan lan egin du Angel Parra gitarrista eta bakarlari txiletarrak
Angel Parra bakarlaria (Valparaiso, Txile, 1943) Donostiara etorri da, Giza Eskubideen Zinemaldira. Haren amari, Violeta Parrari, eskainitako filma aurkeztera etorri da: Violeta no se fue a los cielos-Violeta ez zen zeruetara joan. Andres Wood zinemagileak zuzendu du lana, eta Parra aholkulari artistiko modura aritu da. Gidoiaren sortze prozesuan parte hartu du. Txileko Abesti Berriaren erreferente nagusietariko bat da, eta herrialde hartako herri abestiak eta protesta abestiak kantatzen ditu batez ere.
Filma gaur emango dute, 20:00etan. Duela zazpi urte filmari izena eman dion liburua idatzi zuen Angel Parrak. Filma ez dela bere amaren biografia, ezta dokumentala edo biografia ere nabarmendu du. Ezta berak idatzi zuen liburua ere. Filmaren sortze prozesuan parte hartzea, berriz ere haurtzaroko oroitzapenetan murgiltzea izan dela azaldu du.
Francisca Gavilan aktoreak egiten du Violeta Parra zenarena. Angel Parrak azaldu duenez, Gavilanek txikitatik izan nahi zuen Violeta Parra, eta amak animatu egiten zuen. Hautaprobetara aurkeztu zenean, 1963an Violeta Parrak Suitzan grabatutako dokumentalaren pasarte bat antzezteari ekin zion. Garbi ikusi zuen Angel Parrak aktore hori zela egokiena.
Modu «fikzionatuan» bada ere, Violeta Parraren bizitza da filmean kontatzen dena. Haurtzaroko pasarteetatik abiatzen da kontakizuna, baina laster hartzen du protagonista helduak presentzia. Txileko kultura berreskuratzea, galtzen ez lagatzea zen haren kezka nagusietariko bat. Grabagailua eta koadernoa aldean hartuta, herriz herri ibili zen, bertakoei honako galdera hau eginez: «Nork dakizki hemengo abestiak?». Hiru mila abesti baino gehiago batu zituen modu horretan, hainbat eta hainbat kantatu ere egingo zituenak.
Emakumea izatea ospea eta bere lanaren aitortza lortzeko oztopo izan dela azaldu du Parrak: “Esango nuke horregatik egin ziotela kontra sektore ofizialek. Baina, era berean, herriak maitatu zuen bizirik zegoenean, eta aitorpena egin zion. Bere herriari ezagutzera eman ahal izan zion aurkitu zuen altxorra». Altxor hori munduari erakutsi ziola azaldu du Parrak: “Gitarra hartu, eta munduari erakutsi zion Txilek bazuela kultur identitatea”.