Haur txokoaren kudeaketaren inguruko bilera. (Argazkia: K. M)
Auzo-lanean Bretxan duten lokala prestatzen aritu dira; orain nola antolatu zehaztu nahi dute.
Parte Zaharrean haur txokoa eratzeko bilera egin dute 30 bat auzotarrek. Hain zuzen ere, Bretxa merkataritza-gunean kokatuta, lokala badute, orain autogestioan hori nola kudeatu zehaztu nahi dute.
Parte Zaharrean Bizi auzo elkarteko kide Larraitz Mendizabalek azaldu duenez,̣ beste hainbat eskari bezala, haur txokoaren beharra, eskari zaharra da auzoan. Orain, hainbat lokal lortu dituzte, haur txokoa ez ezik, gazte lokala eta auzo elkartearen lokal izatea helburu dutenak.
Lokalak auzo lanean egokitzen aritu direla azpimarratu du Mendizabalek, eta orain, horiek nola kudeatu erabaki behar dutela. Hala, bi gai izan dituzte hizpide gaurko bileran. Batetik, zertarako eta zer egiteko nahi duten auzotarrek haur txoko bat, eta bestetik nola gauzatu hori bera eta haren kudeaketa.
Argi dutena da, auzotik auzotarrentzat eraiki nahi duten zerbait dela. Izan ere, auzokideen elkarlana eta konpromisoa behar-beharrezkoa izango dute proiektua eta espazioa aurrera ateratzeko. Era berean, auzotarren behar bati ere erantzuten diolako egitasmoak, batik bat, eguraldi txarra egiten duenean eta abar, haurrekin nora jo ez dutelako askotan.
Bide luze bat
Haur txokoaren eskaria ezin dela behar aislatu bezala ulertu azaldu du Mendizabalek. Izan ere, duela urtebete, auzo elkartea osatzea erabaki zutenean, bertan hainbat batzorde eta lan hildo zehaztu zituzten. Horien artean, haur txoko eta gazte lekuen beharrari zegokienak.
Hortik bide luzea egin dute gaur egungo egoerara iritsi arte. Aipatu ditu udaletik egindako parte hartze prozesuko eskariak eta hala, egun Bretxako lokalak lortu arte egin beharreko bidea. Hain zuzen ere, lokalak hutsik zeuden eta udala eta merkataritza-gunearen arteko adostasunak medio, beste eskaintzarik ez den bitartean auzo elkarteak kudeatuko ditu lokalak, hilero tratua berrituz.
Kudeaketa Parte Zaharrean Bizi auzo elkarteak kudeatuko du batik bat. Egun 130 bat bazkide ditu, eta egitasmo honekin ere, auzo bezala indartzea espero dute.