Nerea Txapartegi eta Jabi Vitoria. (Argazkia: Nagore Koch)
Auzitegi Konstituzionalak udaletxeetan zinegotzi gisa bozkatuak izan ez direnak, ordezkari gisa aritzea baliogabetu du; honek zuzenean eragiten dio Donostiako udal gobernuari, hain zuzen ere, Nerea Txapartegi eta Jabi Vitoriari.
Atzo prentsaren bidez jakin zenez, Auzitegi Konstituzionalak bertan behera utzi du, orain arte, udal gobernu batek ordezkariak hautatzeko zuen ahalmena. Hau da, botoen bidez irabazitako zinegotziez gain, udal gobernuak hainbat sailen ardura ordezkari batzuen gain jartzeko aukera zuen. Beti ere, hauen kopurua zinegotzien heren bat baina txikiagoa zenean. Hemendik aurrera aukera hori bertan behera geratuko litzateke BOEn publikatzen dutenetik.
Honek zuzenean eragiten dio Donostiako udal gobernuari, izan ere, Nerea Txapartegi Kultura eta Euskara ordezkaria da, eta Jabi Vitoria Ogasun ordezkaria. Udal gobernuko bozeramaile Josu Ruizek egindako adierazpenetan esan du oraindik ez dutela beraien eskuetan sententzia: “Oraindik sententzia aztertu behar dugu, zein aukera dauden ikusteko”, esan du. Bestalde esan du, udaletxeak administratiboki “adingabetzat edo anaia txikitzat” hartzen direla oraindik, nahiz eta “hiritarrengandik gertuen dauden instituzioak izan”. Bere udal gobernu kideei babes osoa azaldu die, eta egindako lana ezinhobea dela azpimarratu du.
Udal alderdien erreakzioak
PPko zinegotzi Ramon Gomezek esan du, batetik, legeak esaten duena errespetatu egin behar dela; eta bestetik, kontuan harturik, Txapartegi eta Vitoriak lantzen dituzten sailen garrantzia handia dela, pisu handia “erori dela” udal gobernuaren gain: “Jada gobernu ahul eta desegonkorra bazen, orain gehiago izango da”, esan du.
PSE-EEko Ernesto Gascok bestalde, ohar batez jakinarazi du, ordezkarien lanaren etete honek gero eta ageriagoan uzten duela “Bilduren gobernuaren gutxiengoa”. Kultura ordezkariaren hutsunea izango bada, bi zinegotziak “arduratuta” azaldu dira Donostia 2016aren inguruan.