Udan kirola egiteko 50.000 eskaintza egingo ditu udalak
Kirol jarduerak 70 dira eta izen emateak maiatzaren 13 eta 16 bitartean egin beharko dira.
UDA kanpainaren barruan 50.000 eskaintza jarriko ditu eskuragai Donostia Kirolak, hiritarrek udan kirol jarduerak egiteko. Ekainaren 24tik irailaren 27ra arte izango da abian kanpaina, eta guztira, 70 kirol jarduera eskainiko dituzte.
Kiroletako zinegotzi Josu Ruizek azaldu duenez, donostiarrek udan hirian dagoen “kirol eskaintza osoa” aurkitu ahal izango dute UDA kanpainan. Guztira 37 erakundek hartu dute parte eskaintza osatzen; iaz 33 iran ziren.
Izena emateko sistemari dagokionez, bi fase izango ditu. Lehenengo, maiatzaren 13 eta 16 bitartean, aurretiko izen emate fase bat irekiko dute Donostia Kirolaken webgunean. Ondoren, maiatzaren 17an zozketa egingo dute eta plaza lortzen dutenek astebeteko epea izango dute ordainketa egin ahal izateko. Bigarren fasea ekainaren 3an hasiko da, hain zuzen ere, libre dauden plazak betetzeko fasea.
Uretako kirolak, nagusi
Bestalde, Ruizek esan du, kanpaina honetan parte hartzen duten 13.000 donostiar baino gehiagok gehien eskatzen dituzten jarduerak, igeriketa, surfa, piraguismoa edota tenisa direla. Gainera, azken urteetan, surfa, nody boarda, supa eta antzeko jarduerek arrakasta handia izan dutela azpimarratu du.
Gazteenei dagokionez indar handiena hartzen ari direnak kirolanitzeko izaera duten jarduerak direla ere aipatu du.
Azkenik, euskarari dagokionez, Ruizek azpimarratu du, 16tik beherakoentzat egindako eskaintzen %50 euskaraz izateko ahaleginak eskatu zizkietela klubei. Erantzuna “oso ona” izan dela adierazi du, hain zuzen ere %68 eskainiko baita euskaraz.