Hiriaren Erdialdean adinekoentzako apartamentu tutelatuak egitea proposatuko dute
Hiriaren erdialdean adinekoentzako 35 eta 40 apartamentu tutelatu artean sortzea proposatuko diote Zorroaga Fundazioari. Zehazki, Juan Karlos Izagirre alkateak Zorroaga Fundazioko presidentea gisa, eta Jon Albizu zinegotziak presidenteorde gisa egingo dute proposamena, datorren asteartean, maiatzaren 7an. Izan ere, orduan bilduko da Fundazioko Administrazio Kontseilua.
Erdialdean, Arrasate kaleko 51. zenbakian izango lirateke apartamentuak, Zorroaga Fundazioarena baita eraikin hori. Denera, 416 metro koadro dituen lursaila da, baina horietatik eraikitzeko modukoak 360 metro inguru dira. Administrazio kontseiluak proposamenari oniritzia ematen badio, proiektua eskatuko dute eta diru-iturriak aztertzen hasiko lirateke.
Hala, arreikuspenen arabera, hurrengo urtean ekingo diete lanei, proiektua idatzi eta gero, eta 2015erako bukatzea espero dute.
Fundazioko presidenteordearen hitzetan, herritarrentzako hiriak sortzea da erronka: “Guk uste dugu gune batzuk herritarrentzako izatea lortu behar dugula, pertsona ahulenentzako toki batzuk berreskuratu, txikienetatik hasi eta handienetaraino, beren autonomia sustatuz; eta gobernu honen apustu politikoa ildo horretatik doa. Horixe da, hain zuzen ere, proposamen honen filosofia, eta aurrerapauso handia izango litzateke hala egingo balitz”. Albizuk, gaineratu du, proiektu honek hiriaren Erdialdean etxebizitza hutsen kopurua murriztea ekarriko duela.