Summa Aldapeta ikastetxean egingo dute Pablo Prigioni Campusa
Pablo Prigioni Campusak ez du hutsik egingo aurtengoan ere, Sports Eventsen eskutik. Saskibaloi jokalari ezagunaren izena daraman campusa ekainaren 24tik 28ra egingo dute hirian, seigarren urtez, eta gaur egin dute aurkezpena. Zehazki, 6 eta 16 urte arteko haur eta gaztetxoei zuzendua dago ekimena, eta dagoeneko 100 haur baino gehiagok eman dute izena. Azken batean, saskibaloia aitzakiatzat hartuta, hainbat jarduera egiteko aukera izaten dute partaideek lau egunez; ingelesa, heziketa tailerrak, lehiaketak… eta Prigioni berarekin egoteko tartea ere izango dute, noski. Aurtengo aldaketa nagusia, ordea, jardueren eszenatokia izango da, izan ere, Antiguako Ekintza eskola utzi eta Summa Aldapeta ikastetxera igaroko da campusa.
Aitor Uriondo campuseko zuzendaria da eta guztiaren inguruko azalpenak eman ditu aurkezpenean. Berarekin batera izan da, Ignacio Maestre, Summa Aldapeta eskola ordezkatuz. “Adin bakoitzari egokitutako jarduerak egiten ditugu”, azpimarratu du Uriondok. Gainera, maila handiko entrenatzaileek parte hartuko dute Uriondoren hitzetan, eta haurrek saskibaloian hobetzea nahi duten arren, beti ere helburu nagusia ongi pasatzea dela dio. NBA Ligako New York Knicks taldean jokatzen du egun Prigionik, baina ekainean Donostian izango da, campuseko haurrekin egoteko. Gaurko aurkezpenerako bideo txiki bat egin du Prigionik, eta esker onez eta gogotsu dagoela adierazi du.
Izen emate orria