
Udaleko Euskara Zerbitzuak urtero uztailean antolatzen dituen Oporretan Euskaraz udaleku irekietan maiatzaren 9tik 15era arte izena eman ahal izango da. Izena ematea Internet bidez egin daiteke
Euskaraz.net edo
Donostia.org helbideetan, eta 10:00etatik 17:30era Udaleko Euskara Zerbitzuaren bulegoan, Konstituzio plazan.
2013ko udaleku irekietan 2002tik 2008ra bitartean (bi urte hauek barne) jaiotako haurrek har dezakete parte. Taldeak, gehienez ere, hamabi haurrez osatutakoak izaten dira eta ereduaren, jaiotze urtearen eta jasotze puntuaren arabera eratzen dira. Izena eman duten haur guztien zerrenda maiatzaren 16an ikusgai egongo da Udaleko Euskara Zerbitzuaren iragarki taulan eta Euskaraz.net eta Donostia.org helbideetan. Egun horretan, zerrendan ager daitezkeen datu okerrak zuzentzeko aukera egongo da 943 483750 telefonora deituz, 10:00etatik 17:30etara.
Plazak zozketa publiko bidez eskainiko dira 78 talde osatu bitartean. Zozketa maiatzaren 20an egingo da eta emaitzak egun berean, arratsaldez, jarriko dira jendaurrean Euskara Zerbitzuaren iragarki taulan eta
Euskaraz.net eta
Donostia.org webguneetan.
Udaleku hauek uztailean zehar egiten dira astelehenetik ostiralera 09:30etik 13:30era. Astean behin egun osoko irteera izaten dute haurrek, 09:30etik 17:30era bitartean, haur hezkuntzakoek izan ezik. Mota guztietako jarduerak egiten dituzte: hondartzara joaten dira, hiriko parke eta lorategietan jolasak egiten dituzte, euria egiten duenean eskola edo haur txokoetako gelak erabiltzeko baimena izaten dute jolas, tailer eta txapelketak egiteko, ingurugiroa lantzen dute…
Hilabete osoko kuota 149,21 eurokoa da, familia ugarientzat, berriz, 111,91 eurokoa eta familia ugari berezientzat 74,60. Familia ugariek Eusko Jaurlaritzak emandako familia ugariaren txartela aurkeztuko dute. Bestalde, gizarte-laguntza jasotzen duten familietako haurrentzat 14,92 eurokoa izango da. Egoera hau Donostiako Udaleko Gizarte Ongizate sailaren bidez egiaztatuko du Udaleko Euskara Zerbitzuak. Prezio honetan garraioa eta materiala barne daude.
Udaleko Euskara Zerbitzuak 20 urtetik gora daramatza udaleku hauek antolatzen eta arrakasta handia izan ohi dute. Euskararen normalizazioan eragiteko tresna baliagarria da oso, udaleku horiek euskara lantzeko eta erabiltzeko helburua ondo betetzen dutelako, Donostiak eskaintzen dituen jolas eta aisiarako aukerak baliatuz.