Altzako Historia Mintegiak barruti izatearen inguruko bilerak deitu ditu
Joan den urteko ekainetik lanean dabiltza barruti izateko proposamenarekin; orain beste elkarteekin bateratu nahi dute.
Altzako Historia Mintegiak (AHM) hainbat bilera deitu ditu, Altza barruti bilakatzeko prozesuan bildutako informazioa elkarbanatzeko. Izan ere, iazko ekainetik elkartearen barruan prozesu bat jarri zuten abian Altzan barruti bat eratzearen inguruan. Orain, beste elkarteekin elkarbanatu nahi dute proposamena, adostasunak bilatu eta barrutiaren jarraipena egingo duen batzordea osatzeko.
Izan ere, hainbat bilera egin dituzte denbora guzti honetan, baita idatzi bat erredaktatu eta zabaldu ere. Adierazi dutenez, jakin dute gaia politikarien agendan sartu dutela eta hilabete eta erdiko epea jarri dutela bakoitzak bere proposamena lantzeko. Honen aurrean beraien “planarekin” jarraituko dutela esan dute.
Azaldu dutenez, une ona da orain bilerak egiten hasteko; “momentu garrantzitsua deritzogu oraingoa, deszentralizazioari eta auzokideen parte hartzeari bideak zabaltzeko aukera bat izan daitekeelako”, azaldu dute.
Bestalde, blog bat jarri dute abian, gaiaren inguruko informazioa eskuragarri izateko.
Bilerak, Etxarriene Auzo Etxea –Elenategi, 2–, maiatzak 15, 19:30ean; Elkarte Gune –Lizardi, 25–, maiatzak 21, 19:30ean; Udaletxea –San Martzial plaza, z/g–, maiatzak 22, 19:30ean; eta Kontadores –San Pedro, 13–, maiatzak 24, 19:30ean deitu dituzte.