Gaztezulok Street Festa egingo du larunbatean
Bizikleta gaineko aire akrobaziak, graffitiak eta perkusio afrikarra tartekatuko dituen jaia egingo du Alderdi Ederren, 18:00etan.
Gaztezulo aldizkariak eta Donostiako Udaleko Euskara Zerbitzuak ahalik eta gazte gehien erakarri nahi dituzte datorren maiatzaren 11n –larunbatarekin– antolatuko duten Gaztezulo Street Festara. Alderdi Eder bizikleta gaineko jauzi ikusgarriz, grafitiz eta zuzeneko musika biziz beteko dute.
Udaletxeko terrazaren eta lorategien arteko zabalgunean antolatuko da bizikleta gaineko aire akrobazien erakustaldia. Mountainbike erako bizikleta gainean jauzi ikusgarriak eta aire akrobaziak egiten abilak dira Funbox Factory taldeko lagunak, eta beraiek izango dira protagonistak. Guztira, bost gidarik hartuko dute erakustaldian: Beratik, Europan onenen artean lehiatzen dabilen Martxel Arribillaga eta Aritz Petrirena; Donostiatik, Mikel Lazkano; Azpeititik, Ruben Pascual eta Leioatik, Jon Sagredo.
Artexivu Afrikar Kultur Elkarteak perkusio afrikarra ekarriko du festara. Mozambiketik eta Senegaldik etorritako musikariek osatzen dute arratsaldea zuzeneko erritmo indartsuekin girotuko duen talde hau. Djembe eta dun-dun izeneko afrikar perkusio-tresna tradizionalekin, bertaratutakoak dantzan jartzeko danbor-hotsak ekarriko dituzte Alderdi Ederrera. 10 bat minutuko saioak egingo dituzte, Funbox Factoryko kideen erakustaldiarekin txandakatuta.
Bien bitartean, Zaldi Urdina izeneko kolektiboko kideek jarriko dute kolorea eta spray usaina. Batetik, graffitigintzaren munduko jardun abangoardistena ekarriko dute, aldarri kutsua duena eta orain arte Parisen besterik egin ez dena. Izan ere, graffitigileek euren marrazkiak hirietako hormetan egiteko izaten dituzten lege arazoei aurre egiteko ihesbide gisa sortutako dinamika da, “dauden hormetan marrazterik ez badugu, guk geuk sortuko ditugu geure hormak” pentsamoldean oinarritua. Hala, Parisen hasi diren bezalaxe, Zaldi Urdina kolektiboko Jon Areizaga eta Jone Taberna kideek ere bilgarri modura erabiltzen den film paper gardenarekin eratuko dute horma handi bat bi zuhaitzetara alderik alde lotuta, bertan beren marrazkia egiteko.
Bestalde, luma-kartoizko beste hiru panel ere jarriko dituzte Alderdi Ederreko zabalgunean, bertara hurbiltzen diren gazteek marraztutako txantiloien gainean saiakerak egin ditzaten sprayekin, beti ere, Zaldi Urdinako kideen laguntzaz.
Panel hauek eta film paperezko horma gardena ekitaldiaren hasiera-hasieratik egongo dira prest, eta hauen gaineko jarduna jarraitua izango da arratsalde osoan zehar.