Gizarte Ongizateko zinegotzi Jon Albizu, gaurko agerraldian. (Argazkia: K. M.)
Iaz jasotako datuen balorazioa egin dute; besteak beste, ugaritu egin dira oinarrizko gastuei aurre egiteko arazoak dituzten familiak.
Gizarte Ongizate Sailak 2012an jasotako datuak azaldu ditu Jon Albizu zinegotziak. Adierazi duenez, datu esanguratsuena, gizarte zerbitzuek iaz 13.249 familia artatu zituztela izan da. Horietatik 2.864, iaz hurbildu ziren lehenbiziko aldiz Gizarte Zerbitzuetako Zentroetara.
Gizarte baliabideren bat jasotako 14.430 pertsonetatik, erdiak adinekoak dira, zehazki, 7.336; 2.002 ezgaitasunen bat duten lagunak; 224 adingabekoak, eta 471, indarkeriaren inguruan artatutako emakumeak. Gizarteratzeko laguntzak, bai enpleguaren alorrekoak bai larrialdietarako bizitegietakoak zein bazterkeriaren aurkakoak eta migraziokoak, 4.264 pertsonentzat izan dira.
Albizuk nabarmendu du gizarte bazterketak giza talde ahulenak kaltetzen dituela bereziki, eta, berriro ere, emakume aurpegia duela, pertsona talde hori dela krisiak gehienbat kalte egindakoa: “Gizarte larrialdietarako laguntzen % 71 emakumeen artean banatu dira, eta ez dugu ahaztu behar indarkeria matxistaren biktimei arreta emateko programa 180 pertsonez arduratu dela”.
Albizuk azaldu du, krisi egoera honekin, ugaritu egin direla oinarrizko gastuei aurre egiteko zailtasunak dituen familia kopurua, eta, beraz, handitu egin direla sailak ematen dituen zerbitzuak eta prestazioak ere. Alde horretatik, Albizuk adierazi duenez, guztira 14.430 lagunek jaso zuten gizarte baliabideren bat.
Alde positiboen artean nabarmendu du bi adierazle garrantzikoetan izandako hobekuntza: “Etxe bisitaldiak % 40 gehitzea lortu da, eta horren bidez adinekoen, adingabekoen eta beste gizatalde kalteberen egoerak hautematen eta aurrez ikus daitezke, eta, bestalde, nabarmen murriztu dira esku hartzeko epeak, eskakizunen % 90 gehienez ere bost eguneko epean artatu direlako”.
Behar handiena, etxebizitzan
Gizarte Larrialdietarako Laguntzen bidez 1.379.000 euro banatu zituzten 2.041 familiaren artean. Kantitate horretatik, 459.000 euro etxebizitza mantentzearekin erlazionaturiko gastuetarako izan ziren, 532.000 etxebizitzaren bizigarritasunerako eta ekipamenduetarako, eta 387.000 osasunarekin eta hezkuntzarekin erlazionaturiko oinarrizko beharretarako. Zenbait udal tasa ordaindu ahal izateko laguntzak 231.000 euro izan ziren guztira.
Gainera, Gizarte Larrialdietako Udal Zerbitzuak 728 familiari kasu egin zion, eta, gainerakoei, hiriko beste zentro batzuek: Parte Zaharra-Erdialdeak 917, Amara Berri-Loiola-Martutenek 3.457, Larratxo-Altzak 1.612, Gros-Egiak 2.722, Antiguak 1.617, Intxaurrondok 1.336 eta Bidebieta-Herrerak 860.
Laguntzak %5 gora
Albizuk azpimarratu duenez, momentu hauetan gobernu taldea ahalegin berezia egiten ari da pertsonengan inbertitzeko, egoerarik ahulenetan bizi diren gizarteko sektoreei laguntzak emanez; “gobernu talde honek pertsonengan inbertitu nahi du eta, horretarako, pertsonengan oinarritutako gizarte eredu bat bultzatzen ari da, oinarrizko zerbitzuei eutsiko diena”, azaldu du Albizuk.
Horren erakusgarri gisa, duela gutxi onartutako aurrekontuetan gizarteratzeko laguntzak %5 igo dituztela azpimarratu du. Bestalde, 100.000 euroko kontu-sail osagarria onartu dute, gizarte larrialdietarako, etxebizitza arazoak dituzten pertsonei zuzenduta hain zuzen. Sailaren aurrekontua, 2012an, 22.134.160 eurokoa izan zen eta, aurtengoa, 23.012.000 eurokoa da.
Gaueko aterpea
Iazko ekitaldian hartutako neurrien artean, nabarmendu du Gaueko Aterpea urteko egun guztietan zabaldu zela, aurreko urteetan ez bezala, jauzi kualitatibo eta kuantitatiboa eginez. Zerbitzuak 38 plaza eskaintzen ditu eta, iaz, 7.833 gau igarotze izan zituen. Urrian abian jarri zenetik, 2.930 gau igarotze izan zituen eta, guztira, 93 lagunek lo egin zuten bertan.
Ate Irekiko Zerbitzua gaueko tenperatura gradu bat zero azpikoa izango dela iragarrita dagoenean zabaltzen da. Hamaika egunetan ireki zen iaz eta, guztira, 108 lagun hartu zituzten. Udaleko Abegi Etxea beren ardurapean adingabeak dituzten familiei eskaintzen zaie. 2012an, adingabeak zituzten 18 familia hartu zituen eta 204 egunetan egon zen okupatuta.