Harrijasotzaile baten gimnasioa irudikatu dute erakusketan (Argazkia: E. Zabala)
Harrijasotzaileen historia eta harriak Euskal Herriarekin duen lotura jaso dute San Telmo Museoko
Harrijasotzaile. Harriaren indarra erakusketan. Argazkiak eta harriak dira erakusketaren muina, baita ikus-entzunezko bat ere. Goizean erakusketaren nondik norakoen berri eman dute Nerea Txapartegi udaleko Kultur ordezkariak, Patxi Jauregi Harria-Herria taldeko kideak eta Agurtzane Garai San Telmo Museoko teknikariak. “Izenak eta izanak bat egin dute, harria baitu ardatz erakusketak”, adierazi du Txapartegik. Herria-Harria taldea da erakusketaren bultzatzaile nagusia. Iaz, harrijasotzaileei merezi duten aitortza egitea erabaki zuen taldeak; ikerketa lan handia egin ondoren liburu bat kaleratu zuen, eta Viktoria Eugenia Antzokian harrijasotzaileei omenaldi gisako ekitaldi bat egin zuen. Aitortza horretako hirugarren atala da
Harrijasotzaile. Harriaren indarra erakusketa. Jauregi oso hunkituta agertu da erakusketarekin, eta guztien gogokoa izateaz gain, erakusketak gazteei kirola erakartzeko balio izatea nahi du.
Erakusketa hainbat ataletan banatua dago; Aitzindariak, Emakumeak, Gaur Egun, Harriak eta Harrijasotzaileak. Hala, erakusketaren bidez jakin daiteke, esaterako, homologatutako zazpi harri daudela gaur egun, eta Damasa Agirregabiria izan zela lehen emakume harrijasotzailea,
Errekartetxo zenaren emaztea. Azken batean, 500 urte atzera egin behar da Euskal Herriaren eta harriaren arteko lotura ulertzeko. Harrijasotzaileen historia, berriz, azken ehun urteetan biltzen dute. XIX. mende bukaeran Patxi Arizmendi
Arratola herriz herri ibiltzen omen zen erakustaldiak egiten, harri baldarrak jasotzen. Harrijasotze modernoaren hasierako ardatz moduan, ordea,
Arteondo eta
Aritza harrijasotzaileek 1925eko martxoaren 15ean egindako apustua jartzen dute; orduan hainbat oinarri finkatu baitzituzten, txanda-motak, atsedenaldiak…
Erakusketa bihar irekiko dute eta irailaren 8a arte egongo da zabalik. Sarrera doakoa da.