Erabiltzaile bat autobusera igotzen. (Argazkia: Mikel Goñi)
Gascok esan du hainbat hiritarren salaketen berri izan dutela; Albizuk erantzun du ez dutela salaketen berri, eta hartu beharreko neurriak hartu dituztela.
PSE-EEko zinegotzi Ernesto Gascok agerraldia egin du Dbusen kameren erabilerarekin “kezkatuta”. Izan ere, esan du, Datuak Babesteko Euskal Bulegoak zigorren bat jar diezaiokeela udalari. Zehazki aipatu du “ezagutza dutela” hainbat hiritarrek salaketa jarri izanaz.
Dbuseko kamerak 2011ko apirilean onartu zituzten, hau da, aurreko gobernuaren amaieran. Kamera horiek, autobusen erraila gaizki erabiltzen duten ibilgailuei isunak jartzeko jarri zituzten, besteak beste. Gascoren esanetan, egun, errail horietatik kanpoko autoei ere isunak jartzeko erabili dituzte.
Mugikortasun zinegotzi Jon Albizuk esan du, batetik, kamera horiek aurreko gobernuak erabakitako mandatuaren arabera funtzionatzen aritu direla. Bestetik, azpimarratu du, beraiek ez dutela hiritarren inongo salaketen berri. Esan du, egia dela duela aste batzuk Datuak Babesteko Euskal Bulegoak Dbusen bisita bat egin zuela; “ohiko bisita bat izan zen”, azaldu du, eta adierazi zietela, “balitekeela” arazoren bat egotea.
Azkenik, Gascok eskatu du, Datuak Babesteko Euskal Bulegoak bere txostena plazaratu arte, sistema hau erabiltzeari uzteko. Albizuk erantzun dio, duela aste batzuk, Datuak Babesteko Euskal Bulegoaren bisitaren ostean utzi ziotela sistema erabiltzeari.