Donostia Fashion Week ekimenaren aurkezpena gaur. (Argazkia: K. M.)
Zorroagako elizan egingo dituzte ekimen gehienak; maiatzaren 28,29 eta 31an ospatuko dute.
Moda Gipuzkoak eta Donostiako Udalak, Donostiako Sustapenaren bidez, Donostia Fashion Week (DFW) ekimenaren lehen edizioa egingo du Zorroagako elizan, maiatzaren 28an, 29an eta 31n. Tartean, Balentziaga museoan ere hainbat ekimen egingo dituzte, zehazki 31 egunekoak.
Gipuzkoako erakunde publiko eta pribatuek bat egin dute jaialdi hau antolatzeko. Profesionalentzako topagunea izango da eta modaren sektorea hirian aberastasuna eta lana sortu ahal izango dituen eragile ekonomiko gisa bultzatzea izango du helburu.
Jaialdiaren hiru egunetarako egitarauak ondorengo ekitaldiak biltzen ditu: gorabidean dauden tokiko diseinatzaile gazteen desfile bat, eta euskal diseinatzaile ospetsuen beste bat; jantzigintzako, modako eta ekologiako alderdiei buruzko hitzaldiak; ingurumenaren garrantziaz ohartarazteko haurrentzako tailerrak; eta protagonista gisa moda duten filme ziklo bat.
2013ko DFWen ardatza kontsumo arduratsua eta iraunkortasuna izango dira. Edizio honetan Moda Gipuzkoa aurkeztuko dute. Elkarteak industria eta diseinua barne hartzen ditu eta, Gipuzkoako Merkataritza Federazioarekin batera, baita Gipuzkoako moda merkataritza ere.
Bai desfileak –sarrera erosita– bai tailer, hitzaldi edo film emanaldiak modan interesa duen ororentzat direla azaldu dute, baina bereziki industria, merkataritza eta diseinuko protagonistentzat.
Gure Moda Gaur lehiaketaren bigarren edizioa
Gure Moda Gaur lehiaketa AEG moda eskolak antolatu du, iaz bezala, eta aurten Donostia Fashion Week-en barruan egingo dute. Epaimahaia moda arloko hainbat pertsona ospetsuk osatuko dute. Besteak beste, epaimahaiburua Javier Gonzalez de Durana, Balentziaga Museoko zuzendaria izango da.