Inbiomed fundazioa, arriskuan
http://youtu.be/wX-MCqVCblU
Hemezortzi ikertzaile eta langile kaleratuko dituzte
Inbiomedeko langileak protestak hasi dituzte. Kutxaren Gizarte Ekintzaren murrizketen aurka mobilizatzen hasi dira. Murrizketek fundazioa arriskuan jartzen duela salatu dute. “Egun batetik bestera” Gizarte Ekintzak fundazioarekin zuen konpromisoa hautsi duela azaldu dute. Hemezortzi ikertzaile eta langile botatzeko asmoa du; fundazioaren langileen %40. Gipuzkoako ikerkuntza alde batera uztea “onartezina” dela salatu dute. Inbiomedeko patronatuko kideek proiektua arriskuan jarri dutela esan dute: “Murrizketak onartu egin dituzte bertako erakundeek, horren aurka ezer egin gabe”. Kutxari, Gipuzkoako Aldundiari eta Donostiako Udalari babesa eskatu diote.
Irutxuloko Hitzak Lorea Zabaleta Inbiomedeko langilearekin hitz egin du. Urtarriletik soldata kobratzeko arazoak izan dituztela azaldu du, eta azken bi hilabetetako soldata ez dutela kobratu. “Duela urtebete bost milioiko inbertsioa egin zuen Gizarte Ekintzak, eraikin berria egiteko. Kanpoko ikerlariak ere etorri ziren Inbiomedera, fundazioa hazteko. Egun batetik bestera Kutxaren Gizarte Ekintzaren babesik gabe geratu gara”, esan du Zabaletak. Kaleratzeak ez ezik, langileen soldatetan murrizketak izango direla salatu du. Gaur Eureka! Zientzia Museoan egin dute elkarretaratzea, eta atzo, Kutxaren Andia kaleko egoitzan kontzentrazio bat egin zuten.
Zelula amekin ikerketak egiten ditu Inbiomedek; medikuntza birsortzailean egiten du lan. Ama zelulen bitartez odoleko gaixotasunak, bularreko minbizia eta gaixotasun neuro degeneratzaileak ikertzen ditu, besteak beste. Miramongo teknologia parkean du egoitza.