Morlansko festak berreskuratuko dituzte bihar egun osoko jai batekin
Urte hasieran sortutako Morlanstarrak Auzo Elkarteak antolatu du, auzoari batasuna eta bizitasuna emateko.
Aldaketa asko jasan ditu Morlans auzoak azken urte hauetan. Etxebizitza berri ugari egin dituzte; beraz, bizilagunak ere berriak dira, asko. Auzoaren garapena hotzegia bihur ez dadin, Morlanstarrak Auzo Elkartea sortu zuten urte hasieran. Bizilagun batzuk elkartu eta auzoan sor daitezkeen beharrak, kezkak edo ideiak bildu nahi dituzte. Pixkanaka taldea haziz joan da, eta dagoeneko badira hogei bat bizilagun auzo elkartean.
Morlansko alde zaharra eta berria elkartuz, batasun bat, nortasun bat eman nahi diote auzoari. Horretarako, auzoari bizitasuna ematea ezinbestekoa dela uste dute, eta bi egitasmo dituzte esku artean: auzoko danborrada sortzea eta jaiak berreskuratzea.
Morlansko jaiak
Maiatzeko bigarren asteburuan ospatu izan dira beti Morlansko jaiak. Urteak dira, ordea, jaiak galdu zirela, aurten berreskuratzeko ahalegina egin duten arte. Morlanseko jaiak berreskuratzeko ahalegin horretan egitarau erakargarria prestatu dute, eta auzotarren erantzuna ere ona izatea espero dute.
Bihar egingo dute egun guztiko jaia Morlansko ikastetxe publikoko jolas tokian. 9:30ean botako dute suziria, eta 11:00etatik aurrera ume-jolasak, herri kirolak eta sukaldaritza lehiaketa egingo dituzte. Auzo-bazkariaren ondoren, mus txapelketa, apaintze tailerra, txakur erakustaldia, ume-jolasak eta txokolatada. Musika eta jai giroan ospatzeko asmoa duten eguna, afari-merienda eta karaokearekin amaituko dute. Ongi pasa!