Protagonista: ikuslearen begia
http://youtu.be/mae239Ayu8Y
Donostiako Zinemaldiak 61. ekitaldiko kartelak aurkeztu ditu. Hirugarren urtez antolaturiko kartel-lehiaketaren irabazleak zein izan diren jakinarazi du. Optico, Toni Ponti diseinatzaile eta argazkilari katalanaren diseinuak jantziko du jaialdiaren kartel ofiziala. Iaz ere garaile izan zen bere karteletako bat, Horizontes Latinos sailerako aurkeztutakoa. Guztira 327 egileren 1.046 proposamen jaso ditu Zinemaldiak.
Zinemaldia 61. ekitaldira iritsi dela-eta, Pontik 60ko hamarkadan jarri du begirada. “Urte garrantzitsuak izan ziren haiek; zinema eta diseinu grafikoa uztartu ziren, kredituetako tituluek hartu zuten protagonismoari esker. Huraxe izan zen abiapuntua: Saul Bass, Maurice Binder eta tankerako artista grafikoak; Stanley Donen zinemagilearen Charade, Alfred Hitchcock zuzendariaren Vertigo edota Strangers on a Train, Terence Young zuzendariaren Dr. No filmak, Blake Edwards egilearen komediak, Henry Manciniren soinu-bandak edota Louis de Funès zein Berlanga bera…», azaldu du egileak. Aurreko mendeko hamarkada horretako ukitu freskoa, kolorista, aurreiritzirik gabea eta pop kutsukoa eman dio Pontik.
Kartelaren ilustrazioak hainbat interpretazio izan ditzakeela uste du Pontik, “zinemak berak bezala”. Optika bat, obturadore bat, lente zatikatu bat, begi bat, labirinto bat… eta ikuslearen begia. “Obturadorea etengabe biraka ari da, Zinemaldiaren etengabeko mugimenduari eta haren freskotasunari, gaztetasunari eta gaurkotasunari erreferentzia eginez. Zirkuluaren lehenengo lerroa 61 zenbakiarekin bat egin arte luzatzen da, Zinemaldiari sartzeko ate bat eskainita», azaldu du Pontik.