(Argazkia: Ion Lopez)
Hamar egun izango ditu oposizioak ekarpenak egiteko; ondoren herritarren txanda izango da.
Donostiako Udal Gobernuak Tokiko Gobernu Batzordeak lurzorua terraza bidez nola okupatu arautuko duen ordenantza proiektua onartu du gaur, bai espazio publikoan ezartzen direnak bai lurzoru pribatuetan egon arren erabilera publikoan eragina dutenak. Azladu dutenez, terrazei buruzko lehen udal ordenantza espezifiko honek helburu du interes talde legitimoak elkar hartzea: atsedenak, jabari publikoaren erabilera publikoa ahaltzeak eta aisialdiak.
Jabi Vitoria Ogasun delegatuak adierazi du guztien interesak aintzat hartzeko ahalegina egin dutela: “Alde batetik, espazio publikoa denok erabili ahal izateko saiakera egiten ari gara, batez ere auzotarrek atseden hartzeko duten eskubideari begiratuta, herritarrek espazio horretan egoteko duten eskubideari begiratuta eta, bestetik, ostalaritzaren interesak ere kontutan hartuta”.
Udal gobernuak esan du, uneoro saiatu dela adostasuna lortzen mahai gainean dauden interes legitimo guztien artean. Ogasun delegatuaren arabera, ordenantzak elkargune hori islatzen du, eta denek onartzeko moduko konponbideak dakartzala. Murrizketa handienak, zentzu horretan, Alde Zaharrean izango dira, larrialdiko autoak sartzeko eta ateratzeko lehentasuna aintzat hartuta.
Udal gobernuak hausnarketa aldi sakon bat jarri zuen abian, eta bertan ostalarien eta dendarien elkarteek nahiz auzo elkarteek parte hartzeko aukera izan dutela gogorarazi du Jabi Vitoriak: “Elkarteek zenbait proposamen aurkeztu dituzte, eta horiek guztiak aztertu ditugu, bai eta, planteaturiko zenbait iradokizun onartu ere. Denak pozik uztea zaila bada ere, eskertu nahi diegu hain eraginkor parte hartu eta lagundu izana terrazen ordenantza sortzeko prozesu honetan”.
Hala, terrazak arautzeko ordenantza arautzaile honetan udal gobernuak sartutako aldaketen artean ondokoak nabarmen daitezke:
- Hiru okupazio mota arautzea: 1. Mahai eta aulkidun terrazak; 2. Egituradun terrazak, esparrua mugatu gabeak; 3. Esparru mugatuko egituradun terrazak.
- Hiru denboraldi mota arautzea: 1. Urtekoa; 2. Luzea, Aste Santutatik urriaren 31 arte; 3. Laburra, ekainaren 1etik irailaren 30a arte. Berritasuna da denboraldi laburra sortzea, horrek aukera ematen duelako terrazak udan besterik zabaltzeko, hostalaritzak egindako eskaera aintzat hartuta.
- Ekainetik iraileran terrazen ordutegia lan egunetan 24:00ak arte izango da eta jai egunetan 02:00ak arte. Aldaketa da ordubete murriztuko dela ordutegia lan egunetan, 01:00etatik 24:00ak arte, auzotarrek gauez atseden har dezaten; Parte Zaharreko bizilagunen eskaerari erantzun nahi izan zaio neurri honekin. Urteko gainontzeko hilabeteetan ordutegia lan egunetan 23:00ak arte izango da eta jai egunetan 24:00ak arte.
- Jai egun jakin batzuetan ordutegi zabalagoak ere baimen daitezke, esaterako, Aste Nagusian ordutegia ordubetez luza daiteke.
- Hiri osoko arkupeetan terrazak zilegi dira, Konstituzio plazan izan ezik. Hiri osoan zehar ezarri ahalko dira terrazak arkupeetan, orain arte ez bezala; Artzaio Onaren eta Gipuzkoa plazan baino ezin ziren orain arte ezarri. Terraza horiek ezingo dute gainditu azaleraren % 40. Gutxienez, 2 metro utzi beharko dituzte oztoporik gabe igaro ahal izateko. Lanegunetan 22:00etan itxiko dira terraza hauek eta jai egunetan 23:00etan; uda garaian ordubete geroago. Arkupe barruko terrazei soilik ezarriko zaie ordutegi hau, ez kanpoaldekoei.
- Era berezian arautzen ditu Parte Zaharreko okupazioak, modu estuagoan, hango saturazio mailagatik eta kale-plazen tipologiagatik. 6 metro baino zabalago diren kaleetan –Kale Nagusia eta Abuztuaren 31–, bi tabernako aulkidun mahai garaiak ere jar daitezke. Gainerako kaleetan, bi mahai garai jar daitezke, tabernako aulkirik gabe, bezero erretzaileentzako zerbitzu moduan.
- Arautegi honek ez dio eragiten kaiari, espazio horren gaineko eskuduntza Eusko Jaurlartzarena baita.
Alderdi politikoen ekarpenak
Gaur onartu ostean hamar eguneko epe bat zabalduko dute alderdi politikoek gerora Udalbatzan onartuko den ordenantza proiektuari emendakinak aurkezteko. Ondoren 30 egunez informazio publikora zabalduko da, herritarrek proiektuari iradokizunak eta erreklamazioak egiteko, ondoren eta behin betikoz Udalbatzan eztabaidatu eta onartu dadin.
PSE-EEk bere aldetik, gaur aurkeztu ditu proposamenari egingo dizkion hainbat ekarpen. Besteak beste, itxitura duten terrazei dagokienekoa, ordutegiei dagokienekoa –luzatzea–, edo Parte Zaharrean tabureteak jartzeko aukerari buruzkoa.