‘1813 Donostia’ dokumentalaren aurkezpena. (Argazkia: K. M.)
Memoria historikoa gordetzeko, herritarren errelatoa jaso nahi izan dute; historialarien testigantzekin osatu dute.
Hiriaren suntsiketa eta erreketaren bigarren mendeurrenaren ekimenen barruan, dokumental bat egin du Nabarralde Kultur Taldeak. Gaur aurkeztu dute egitasmoa eta asteazkenean lehen emanaldia egingo dute San Telmo Museoan 19:00etan. Ondoren, Donostia Kulturako kultur etxe guztietan zein kioskoetan eskuratu ahal izango da. Irutxuloko Hitzak ere banatuko du DVDa.
Donostia: 1813: Hiru inperioen biktima dokumentalak Donostian 1813an gertatutakoa ezagutaraztea eta hiriak bizi zuen tragedia handieneko memoria historikoa bultzatzea duela helburu azaldu dute. Izan ere, duela 200 urteko abuztu amaiera hartan, Donostia hiru inperio horien arteko gatazkaren jasaile besterik ez zela izan azpimarratu dute.
Ruben Marcillak errealizatu du, eta besteak beste, Beñi Agirre, Xoxe Estevez, Iñaki Egaña, Aitziber Etxeberria, Josu Tellabide edo Lola Valverdek hartu dute parte bertan.
Juan Karlos Izagirre alkateak gogorarazi du, oroitzapena dela bigarren mendeurrenaren ardatz nagusietako bat, eta dokumental honek hori bera duela helburu; “honekin, zer gertatu zen ulertzeko aukera izango dute hiritarrek, gainera, ikus-entzunezko lengoaian”, esan du. Azpimarratu du, gaiaraen inguruko lehen dokumentala dela eta “ikusteko erraza dela”.
Nabarraldeko kide Angel Rekaldek esan du ez dela ahaztu behar abuztuaren 31k duen benetako esanahia; “askok festa moduan bizi dute baina hau data tragiko bat da, ez dugu duen esanahia ahaztu behar”, esan du.
Filmaketa azkarra, emaitza sinplea
Rekaldek grabaketa eta ideiaren nondik norakoak azaldu ditu. Kontatu du, egindako lana, dokumental historiko bat dela, hain zuzen ere, 1813an zentratzen dena eta hainbat historialariren kontakizunek osatzen dutena.
Helburua, populazio zibilaren ikuspegitik narrazio bat egitea zela ere azaldu du; “nazio bat, errelato bat dela esan zuen orain gutxi Carod Rovirak; guk herriaren errelato bat egin nahi genuen, herriaren historia bat kontatu”, esan du.
Azaldu duenez, filmaketa azkarra izan da. Duela sei bat hilabete hasi ziren lanean eta duela hiru hilabete grabaketekin; “grabaketa azkarra izan da, baina eskerrak eman behar dizkiegu parte hartu duten historialari, idazle, feminista guztiei erakutsitako prestutasunagatik, beraiek osatu dute narrazioa; eta baita udala zein San Telmo Museoari emandako laguntzagatik”, esan du Rekaldek.
Historialari, idazle eta feminista horien testigantzez gain, narratzaile bat ere badago, eta azpimarratu dute, hainbat eszena berreraiki dituztela. Bertan, garaiko soldaduak ordezkatzen hainbat lagunek egindako lana eskertu dute.
Emaitzari dagokionez, 30 minutu irauten ditu eta “oso sinple” egiten saiatu direla azaldu dute; “ondo ulertuko zen eta ondo ulertarazteko zerbait egin nahi izan dugu”.