Azken segundoan galdu du Lagun Aro Gipuzkoa Basketek, partida eskuan izan eta gero (89-90)
Lagun Aro Gipuzkoa Basketek denboraldiko azken partida jokatu du etxean. Aurkaria Bartzelona ahalguztiduna izan da, baina donostiarrek adorea erakutsi dute Illunben. Jaitsiera postuetan amaituko dute denboraldia; hala ere, ez dute burua makurtu eta partida ederra eskaini diete zaleei. Zortea, ordea, ez dute aldeko izan. Izan ere, azken segundoan galdu dute, Lorbeken hiruko baten erruz (89-90); zorte handiz lortutakoa gainera, uztaia jo eta gero sartu baita saskian.
Osteguna izanik, eta jokoan ezer ez egon izanagatik, Illunbeko harmailak ez zeuden hitzordu garrantzitsuenetan bezala, baina horrek ez du saihestu ikuskizun ederra ikustea. Gainera, minutuak aurrera joan ahala, ikusleak berotzen joan dira. Lehen zatian etxekoen minuturik onenak izan dira. Hain zuzen ere, atsedenaldira bederatzi puntu goitik joan dira donostiarrak (53-44). Hirugarren laurdenaren hasieran aldea 14 puntura igo dute (58-44), baina piztia esnatu eta norgehiagoka berdindu du Bartzelonak. Horrela, azken minutuetara iritsi dira bi taldeak, eta lehiaren azken txanpan Lagun Aroren grina eta gosea erabakigarriak izango zirela zirudien. Zazpi segundoren tartean, ordea, bi hiruko lortu ditu Bartzelonak; Oleson eta Lorbeken eskutik. Hala, 88-84ko markagailua 89-90 bihurtu dute kataluniarrek, segundo gutxitan.
Raul Netoren partida ikusgarria izan da. 25 puntu lortu ditu joko-antolatzaile brasildarrak, eta bere taldea garaipenetik gertu utzi du. Azkenean, porrota, baina taldeak dena utzi du kantxan.