Elkarteetako ordezkariak gaurko agerraldian. (Argazkia: K. M.)
Irabazi asmorik gabeko erakundeak dira esleituak; gainera, lau lokalen egoera erregulatu dute.
Donostiako udal gobernuak zazpi lokal lagako dizkie irabazi asmorik gabeko zazpi erakunderi. Lokal hauek udalaren ondarea dira, eta agintaldi honetan egiten duten hirugarren esleipena izango da.
Lokal hauek irabazi asmorik gabeko erakundeei lagako dizkiete, eta egindako esleipena, Tokiko Gobernu Batzordeak bohar onartuko du. Honez gero, beraz, 151 dira, 153 elkarteen eskuetan dauden lokalak. Axier Jaka Partaidetzako zinegotziak azaldu du irabazi asmorik gabeko elkarteei lokalak lagatzeko egitasmoa elkartegintza eta herri mugimendu antolatua sustatzeko ildoan kokatzen dela: “Elkarteak funtsezkoak dira gure gizartean, norbanakoen eta kolektiboen eskubideen alde egiten dutelako lan”, esan du.
Esleipen honetan, Donostri Klub Kirol Elkartea, M-Etxea Arkitektura Taldea, Fiare Inbertsio eta Aurrezki Erantzulea Fundazioa, Gero Axular Kultur Elkartea, Zurartean Elkartea, Lauarin Euskal Dantza Talde Federazioa, eta Trumoiak Bidebietako Inauteri Konpartsa izan dira hautatuak. Elkarteek asko eskertu dute esleipena, izan ere haien egitasmoak aurrera eramateko lokal hauen beharra dute.
Bestalde, lau lokalen egoera erregularizatu dute: Anorga Txikitarrak, Euskal Aktoreen Batasuna, Moxolo eta Mamur, eta Intxaurrondo Kirol Elkartearenak.
Prozesua gardentasunez
Herritarren Partaidetza Bulegoak egiten du lokalak elkarteei lagatzeko koordinazio lana, izan ere, alor ezberdineko elkarteak direnez, bakoitzari dagokioen departamentuaren bidez kudeatzen dira izapideak. Olatz Mujika, Partaidetzako teknikariak, prozedura gardentasun osoz egiten dela adierazi du: “Gure ustetan lokalak lagatzea laguntza publiko bat ematea bezala da, eta diru laguntzen moduan berdintasuna, gardentasuna eta objetibitatea ezinbesteko irizpideak behar dute izan”.