(Argazkia: E. Zabala)
Bera Bera Eskubaloiak jaso du dagoeneko ABF Ligako txapelduna izateagatik dagokion kopa. Anoetako kirol etxean egon dira goizean taldeko jokalariak eta arduradunak, eta kopa handiarekin batera, garaikur eta domina bana jaso dute saritzak. Hiru eskubaloi federazioetako presidenteak izan dira ekitaldian, eta beraiek izan dute garaikurrak banatzearen ardura; Espainiako federazioko Paco Blazquez, Euskadiko federazioko Jose Manual Ruiz eta Gipuzkoako federazioko Jose Angel Garcia Vara.
Taldeak superkopa eta kopa ere eraman ditu Anoetara, eta hala, hiru garaikurrekin argazki ederra egin dute.
Gainera, Bera Berak badu oraindik aurten lor dezakeen laugarren titulu bat, Euskadiko Kopa. Etxebarrin jokatuko dute lehia, eta Zuazo Barakaldo izango dute lehen aurkaria, gaur, 20:30ean. Euskadiko Kopan, ordea, ez dira izango Matxalen Ziarsolo, Eli Pinedo, Darly Zoqbi, Patricia Elorza eta Eider Rubio.
Izan ere, denboraldi luzea izan da aurtengoa, 38 partida ofizialekin, horietatik 26 Ligakoak, 8 Europakoak, 3 kopakoak eta Superkopakoa; baita lagunartekoak ere. Horregatik, atsedena emango die Reyes Karreresek minutu gehien izan dituzten jokalariei.