Josu Ruiz eta Nora Galparsoro, gaurko agerraldian. (Argazkia: K. M.)
Helburua 2016an %60a birziklatzea da; organikoa sailkatzen duten hiritarrek sari fiskalak izango dituzte.
Donostian zaborren kudeaketa sistemari dagokionez, akordioak irabazi du, eta borondatezko birziklatze sistema bat ezarriko dute. Sistema berria PSE-EE eta Bilduren arteko akordioari esker lortu dutela azaldu du Ernesto Gascok. Hain zuzen ere, bosgarren edukiontzia izango litzateke akordioaren muina, txip bidez funtzionatuko lukeena.
Udal gobernuko ordezkari Josu Ruizen azpimarratu duenez, Bilduk hasieratik borondate politikoa adierazi du, helburu komuna lortzeko; 2016an %60a birziklatzea alegia; “ez dago zalantzarik horrela egin izanak bere emaitzak emango dituela: elkarlana eta adostasuna da bidea”, esan du.
Gascok esan duenez, aurten hasiko dira sistema ezartzen eta 2014an funtzionamenduan egotea espero dute. Galparsorok gehitu du 2015erako bilketa sistema bere osotasunean funtzionamenduan egotea espero dutela.
Hiri Azpiegituretako eta Zerbitzuetako zinegotzi Nora Galparsorok sistemaren funtzionamenduaren nondik norakoak eman ditu eta azpimarratu du, organikoa birziklatzen duten hiritarrek txip bat erabiliko dutela sailkatze maila ezagutzeko eta sariak jasoko dituztela; “modu horretan, udalak saritu egingo ditu praktika onak egiten dituzten hiritarrak, beste guztientzako eredu direlako, eta onura fiskalak izango dituzte euren zaborraren fakturan”, azaldu du.
Hainbat neurri
Ez dira ordea onura bakarrak izango, esaterako, konposta egiten dutenek are onura fiskal handiagoak jasoko lituzkete. Bestalde, sisteman beste hainbat neurri eta konpromiso hartuko ditu guobernuak. Hala nola, ekoizle handientzako programa berezi bat jarriko dute abian, eta bertan hainbat sektore hartuko dituzte kontuta (esaterako, ostalaritza).
Gainera, tokian tokiko sistemak ere egokituko dituzte, esaterako, Parte Zaharrean kartoi eta beira bilketarena bezalakoak.
Azkenik olioa birziklatzeko ere sistema bat jarriko dute abian, San Markorekin elkarlanean, edukiontzi laranjak ezarriz.
Atez atekoa airean
Galparsorok argi utzi du, “denon adostasuna dela” gehiago birziklatzea. Hala, sistema ere, adostasunetik egin ezkero, malgua eta tokian tokikoa izan daitekeela azaldu du: “Ingurune ez urbanoetan ez dio gobernuak aterik ixten bestelako sistemak ere erabiltzeari”.
Hala ere, ez da atez atekoaz hitz egin zuzenean. Gascok ere baztertu egin du unean uneko atez atekoaren ideia.