Mari Jose Azurmendi: "Garrantzitsuena falta zaigu. Gure berezko estatua izatea"
http://youtu.be/SevO3U523Ho
Bagera elkartearen Bidea marraztera goaz! XXI. mendeko Donostia euskaldun! jardunaldien protagonista izan da aste honetan Mari Jose Azurmendi soziolinguista. Donostia euskalduntzeko eta euskara erabiltzeko erronkak izan ditu hizpide, baita oro har, euskalduntze bidean dauden oztopoak.
Euskararen ahuleziak eta indarguneak identifikatzea behar-beharrezkoa dela azaldu du: “Horiek guztiek euskararen erabileran nola eragiten duten aztertu behar dugu, horren arabera guk nola jokatu behar dugun jakiteko. Autodiagnosia egin behar dugu. Jakin behar du gainera ahulezia eta indargune hauek zein neurritan diren gureak”.
Sare sozialak erdaldunak izatea, zonalde erdaldunean bizitzea, giro erdaldunean bizitzea, euskarari errentagarritasun eskasa ikustea, euskaldun ez aktibo izatea, familia euskaldunik ez izatea… Horiek zerrendatu ditu, besteak beste, ahulezia gisa.
Indarguneak azpimarratu ditu: Euskaldun aktiboa izatea, hezkuntza D ereduan ikasi izana, sare soziala euskalduna izatea eta nahi izatea, ahal den neurrian euskaraz bizitzea eta horrela pozik bizitzea… Eta horiek gure hizkuntzaren erabileraren aberastasuna nolakoa den adierazten dutela azaldu du.
Berezko estatu baten beharra aldarrikatu du Azurmendik: “Garrantzitsuena falta zaigu erakunde ofizialetan: Gure berezko estatua izatea”. Izan ere, bere ustez estatua da organizazio nagusia, instituzio ofizial eta publiko nagusia. “Gizarte batean edozein gauza garrantzitsurako ezinbestekoa da estatua; baita euskararen normalkuntzarako ere. Oraindik ez dugu, nahiz eta ezinbestekoa izan”.