Normaltasunera itzuli dira Altzan eta Intxaurrondon, ordu eta erdi argirik gabe egon eta gero
Intxaurrondo ia osoan eta Altzako zati batean argirik geratu dira 20:30ak aldera. Argindar sarean arazo bat egon dela jakinarazi du Udaltzaingoak, eta konponketa lanei ekin diete berehala. 22:00etan itzuli da argia, eta auzotarrak normaltasunera itzuli dira horrela. Hasiera batean, 21:30erako konponduko zutela esan dute, baina zertxobait gehiago luzatu da arazoari irtenbidea aurkitzeko konponketa lana.
Arazoa konponduta, igogailuak erabiltzeko, autoa garajean sartzeko, etxea argiztatzeko eta telebista pizteko aukera izan dute auzotarrek, besteak beste. Hain zuzen ere, Espainiako futbol Kopako finala hasi aurretik joan da argia; Real Madril eta Atletico Madril taldeen arteko partidaren atarian, eta lehia Espainiako Telebistako lehen katean zegoen programatuta. Hori dela eta, norgehiagokaren lehen zatiaren hasiera ezin izan dute ikusi leku horietan, ezta finala hasi aurretik ohikoa den Espainiako ereserkia entzun ere.