Olatu Talkan 250 jardueratik gora antolatu dituzte
Maiatzaren 24 eta 26 bitartean egingo dute; hiri osoan banatuta egongo dira ekimenak.
Gaur aurkeztu dute 2013ko Olatu Talkaren egitaraua. Guztira, 250 jardueratik gora antolatu dituztela azaldu dute, denak Donostiako erdigune zein auzoetan banatuta, eta beste batzuk lurraldean zehar. Proiektuko zuzendari Igor Otxoak azaldu duenez, aurten ere, gauza asko dauden arren kantitatea baino kalitatea baloratu nahi izan dute, hala, ekimen txiki intimo ugari zein jendetsu eta asmo handikoak antolatu dituzte.
Aurtengo Olatu Talka jaialdia, maiatzaren 24 eta 26 bitartean egingo dute. Hainbat elkarte eta lagunek parte hartu dutela azaldu dute eta “herritarren erantzuna ezinhobea” izan dela azpimarratu dute.
Kulrtura era zabal batean ulertu nahi izan dute aurten ere, beraz, hainbat eta hainbat arlotan banatu dituzte egitasmoak. Izan ere, lengoaia artistikotik harago joan nahi izan du Olatu Talkak, espazio publikoaren erabileraz, ekologiaz, kontsumo arduratsuaz, gaitasun eta ez gaitasunaren arteko harremanaz, gizarte bazterkeriaz, euskal kulturan nahasten diren jatorri ezberdinetako hainbat kulturaz… hitz egiteko baliatuko dute jaialdia.
Sei multzotan
Guztira, sei multzotan bantu dituzte ekimenak. Horietatik hainbat azpimarratu dituzte. Musikan, Talka!ive egitasmoa aurkeztu dute, iaz bezala, kontzertuen zirkuito bat izango dena. Guztita 100 bat kontzertu emango dituzte ordu eta leku askotan.
Gastronomiari dagokionez, Sukaldanitzak egitasmoa nabarmendu dute. Hau maiatzaren 25ean egingo dute 10:30ean. Bertan beste herrialdeetako sukaldaritza tailerrak egingo dituzte. Ondoren 14:00etan bazkaria egingo dute.
Teknologia arloan, Zer Urtea eta Eraldalab azpimarratu dituzte. Ezagutza libreko topaketa eta Eraldaketa Sozialerako Laborategiak dira hurrenez hurren. Bestalde, Ekologiari dagokionez ere hainbat ekimen egingo dituzte.
Azkenik, umeentzako ekimenak ez dira faltako; esaterako Errugbi Txapelketa egingo dute Kontxan. Eta nola ez, arte plastikoei dagokionez, Urbagune graffiti tailerra, Walking Gallery erakusketa mugikorra edota Arte Zentsuratuaren erakusketa bat egingo dute.
Programa osoa www.olatutalka.eu webgunean dago.