Dantza eta dantza ibili dira Konstituzio plazako arkupeetan
Bagera Donostiako Euskaltzaleen Elkarteak eta Donostiako Udaleko Musika Eskolak euskal dantza tradizionalen inguruko erromeria antolatu dute larunbata arratsaldean Konstituzio plazan. Eguraldi kaskarra dela eta, dantza saioa arkupeetan egin dute; giro ederrean, hori bai. Donostiako Udaleko txistulariek lagunduta, Aitziber Aiestak eta Fernando Ruizek ikusleak dantza egitera gonbidatu dituzte. Hain zuzen ere, Aiestak eta Ruizek zuzendu dute erromeria; eurak izan dira lehenak dantzatzen, baina piskanaka jendea animatzen joan da. Haurrak, helduak, gurasoak, gazteak… adin guztietakoak hurbildu dira Konstituzio plazara, baita kanpotarrak ere, musikak erakarrita; ikusle moduan hauek, hain justu.
Muxikoa, pasodoblea, arin arina, biribilketa, polka… denetarik dantzatzeko aukera izan dute bertaratutakoek. Larunbat honetan hurbiltzerik izan ez dutenek aukera gehiago izango dituzte urtean zehar. Urtean lau txandatan antolatu ohi dute erromeria, eta asteburu honetakoa aurtengo bigarrena izan da. Korrika pasa zen egunean egin zuten, eta Euskal jaietan –irailean– eta Santo Tomasen –abenduan– aurreikusita dituzte beste biak.