Euriak ez du euskal presoen eskubideen aldeko aldarria gelditu
M18 Plazara ekimenaren bitartez, Donostiako plazak hartu dituzte eguerdian, euskal presoei babesa emateko helburuarekin. Euriak ez du zapuztu elkartasun eguna, jende andana bildu baita hiriko hainbat bazterretan. Amaran, Egian, Grosen, Parte Zaharrean… Giza eskubideak. Irtenbidea bakea. Euskal presoak etxera leloarekin, elkarretaratzeak egin dituzte, Herrira mugimenduak deituta. Zenbait auzotan kaleetan barrena kalejira egin dute eta, mobilizazioekin batera, jai ekimenak antolatu dituzte, beti ere hiru aldarrikapen hauek oinarri hartuta: euskal presoak Euskal Herriratzea, gaixotasun larriak dituzten presoak libre uztea, espetxe zigorraren luzatzearekin amaitu eta bizi osorako espetxe zigorra eragiten duten neurrien derogazioa eta pertsona bezala presoei dagozkien giza eskubide guztien errespetua.
- Amaran, Anoeta estadioaren aurreko biribilgunean egin dute elkarretaratzea. (Argazkia: Aritz Sorzabal)
- Plazak hartu eta gero, kaleetan barrena ibili dira Grosen. (Argazkia: Aritz Sorzabal)
- Sakabanaketaren aurkako ikurrak nagusi izan dira. (Argazkia: Aritz Sorzabal)
- Egian, Plaza Berrin egin dute elkarretaratzea. (Argazkia: Aritz Sorzabal)