Igeldoko errepidea ireki dute berriro, suhiltzaileek eroritako zuhaitza kendu eta gero
Asteburuaren etorrerarekin euria nagusi izaten ari da eta, eguraldi txarrarekin batera, arazoak izan dira errepideetan. Igeldoko errepidea, esaterako, itxita egon da goizean, zuhaitz bat erori ondoren. Errepidea irekita dago dagoeneko, suhiltzaileek zuhaitza erretiratu eta gero.
Bestalde, udalak Urgull ez irekitzea erabaki du prekauzioz, lur-jauzi txikiak izan direlako. Mundaiz ikastetxeko sarbideak ixtea erabaki dute, era berean, Mundaiz Pasealekutik putzu handiak zeudelako. Udalak gomendatu dituen sarrerak, oinez Kristina Enea eta ibilgailu bidez Loiolako Erriberak dira. Larrialdi zerbitzuak eskolako arduradunekin harremanetan jarri dira arazoen berri jakin bezain pronto, egoeraz abisatzeko, kontuan hartuta gaur bertan Olimpiadas Corazonistas direlakoak jokatzen direla, eta hauek 300 haur inguru biltzen dituela.
Gau eta goizean zehar hainbat interbentzio egin dituzte suhiltzaile eta udaltzainek ur putzu handi, uholde txiki eta lur-jauzi eta zuhaitzen erorketagatik. Euskalmeten iragarpenak dio euriengatik abisu laranjarekin jarraituko duela hiriak, eta honen aurrean udaleko segurtasun baliabide guztiek adi jarraitzen dute, edozein arazo konpondu behar baldin bada. FCC ere lanean ari da, hainbat tokitan ura kentzen.
Krisi mahaia ere aktibatuta dago, garrantzi handiagoko neurriak hartu behar izango balira. Hain zuzen ere, uholde arriskuari dagokionez, udalak lasaitasun mezua zabaldu du; Urumearen altuera 2,7 metrotan zegoen Martutenen eguerdian; beraz, puntu horretan egoera guztiz normala dela esan du.