Museoen Nazioarteko Egunean bisitari ugari eta sari berezia jaso ditu San Telmok opari gisa
Gaur ospatu da Museoen Nazioarteko Eguna, eta jende ugari ibili da San Telmo Museoan, adibidez. Bertako arduradunen arabera, goizean goizetik nabaritu dute jendearen joan etorria ohikoa baino handiagoa izan dela. Eguraldi txarrak ere asko lagundu du horretan, babes leku bikainak bihurtu baitira gaurkoan museoak.
Gainera, sarrera doan izateaz gain, San Telmo Museoan ekimen ugari antolatu dituzte. Euria erakusketaren bisita gidatuak, dantza eta musika ikuskizunak adibidez.
Arratsaldean museoaren harrera jendez gainezka egon da, bertan egin baitute Donostiako Udal Musika eta Dantza Eskolak antolatutako dantza erakustaldia. Ondoren, jazz musika doinuek giro berezia sortu du Klaustroan, eta jendea gustura ibili da doinu lasaiekin bazterrak ikusten.
Eguna dotore bukatzeko, dantza klasikoa eta garaikidea nahastuz, dantza eta musika ikustaldia eskaini dute gaztetxoek museoko elizan.
Belgikara begira
Pozik eta lanez gainezka pasa dute Museoen Nazioarteko Eguna San Telmo Museoan, baina orduak aurrera egin ahala urduritasuna ere areagotuz joan da. Izan ere, Europako Museoen Foroak EMYA sariak banatu dituzte Belgikan; Europako museo berri edo berritu onenaren saria, hain justu. San Telmo Museoa sarirako izendatua zegoen, baina ez du sari nagusia jaso. Hala ere, aipamen berezia jaso du EMYA sarietan, Letoniako eta Azerbayango Art Museum Riga Bourse eta Gobustan Museum museoekin batera; eta hori ez da gutxi, kontutan hartuta 27 museorekin lehiatu dela. Azkenean, Glasgow hiriko Riverside Museum izan da garailea.