Ontzi Museoko sarrera doan izango da asteburu osoan
Ateak irekiz ospatu du Ontzi Museoak Museoen Nazioarteko Eguna. Eguraldi txarretik babestu nahiean, eta sarrera doan zela aprobetxatuz, jende ugari hurbildu da bertara.
Bisitari gehienak Donostiarrak edo inguruko herrietakoak izan omen dira, baina atzerritarrak ere asko. Hemengoa edo kanpokoa, museoa bere osotasunean ikusteko aukeraz gain, bisita gidatuak, eta Baleazaleak erakusketan familia osoarentzako jolasak izan dituzte aukeran. Eskuliburu baten bidez, galdera batzuk egin zaizkie bisitariei, eta galdera horien erantzunak erakusketan bertan bilatu behar izan dituzte. “Erakusketa beste modu batez ikus eta ezagutzeko modu atsegina da, eta jendeari asko gustatzen zaio”, aitortu du Aitor Buitron, Ontzi Museoko gidak.
Asteburua borobiltzeko, bihar ere museoko ateak irekita egongo dira 11:00etatik 14:00etara, nahi duenak doan ikusteko, eta pista jolasa ere errepikatuko dute, 12:30ean.