Presioak ez du Reala kikildu Sanchez Pizjuanen (1-2)
Zelai zailetan irabazi du Realak denboraldi honetan; Malaga, Athletic, Atletico Madril eta Valentziaren etxeetan, besteak beste. Bada, beste balentria bat erdietsi dute txuri-urdinek, Sanchez Pizjuanen irabazita, Sevillaren aurka (1-2). Ligako txapeldunorde izan zen urte hartatik, hamar urte jada, Realak ez zuela Sevillaren zelaian irabazten.
Philippe Montanierrek zuzendutako jokalariek balio handiko beste ezaugarri bat erakutsi dute oraingoan; presioak ez dituela kikiltzen. Hain zuzen ere, ordu batzuk lehenago Valentziak Getafen irabaztea lortu eta gero, Reala garaipena lortu beharrean zegoen bai edo bai, beti ere laugarren postuan jarraitzeko; hots, Txapeldunen Liga jokatzeko txartela eskaintzen duen postuan mantentzeko. Eta hala egin du, hiru puntuak lortu ditu, markagailuari buelta eman ondoren. Rakiticek aurreratu du Sevilla, 10. minutuan; baina, Rakiticek berak bere atean eta Agirretxek, 16 eta 24. minutuetan, egoera aldatu dute. 1-2ko emaitza ezarrita, atsedenaldira iritsi dira bi taldeak.
Illarramendi itzuli da hamaikakora, eta taldeak eskertu du. Mutrikuarrak jokatzen duenean Realak ez du galtzen. Min hartuta aldatu dute azken minutuetan. Itxaron beharko da jakiteko zer duen -gaueko albiste kezkagarrietako bat-. Bravok ere lan bikaina egin du ate azpian, eta Sevillaren erasoak ezerezean utzi ditu bere geldiketei esker. Bigarren zatian Sevillak Reala estu hartu du, baina donostiarrak sendo ibili dira defentsan.
Sanchez Pizjuanen lortutako garaipenarekin, Realak Valentziarekin berdinduta jarraitzen du laugarren postuan, baina gol average delakoa alde. Bi jardunaldi besterik ez dira gelditzen. Realak Real Madril jasoko du datorren igandean, 20:00etan, Anoetan. Carlos Vela gabe aurre egin beharko diote talde madrildarrari, bosgarren txartel horia ikusi baitu -gaueko beste albiste txarra-. Azken jardunaldian A Coruñan jokatu beharko du Deportivoren kontra. Partidak zailak dira, baina Reala erakusten ari da edonon eta edonorri irabazteko gai dela. Eta garrantzitsuena, presioak ez duela kikiltzen. Esperantzarako arrazoiak badaude.